Aurten 25 urte betetzen dituen Jaizkibel konpainia parekidearentzat urte gazi-gozoa izango da. Oihana Etxebarrieta kapitainak dioenez, bi urteko pandemiaren abagunea ez baita aprobetxatu urratsak emateko. "Badirudi ez garela gai lasai eseri eta hitzegiteko jaia hurbiltzen ez den arte, eta bai uste genuen bi urte hauek aukera paregabea zela", dio.
Halere, eragile guztien arteko elkarrizketak eman dira udan honetan zehar. Eta dinamika azkartu bada ere, aldaketarik gabe ospatuko da aurtengo alardea ere. Jaizkibel konpainia bere aldetik, eta Alarde Fundazioak antolatzen duen alarde pribatua bestetik.
Bestalde, Jaizkibel konpainiak alardeak Gernikako Arbolatik duen abiapuntu berbera baliatzea eskatu du aurten, baita alarde bukaerako 'Zapateroa' Kale Nagusian behera egitea ere. "Segregazio horiekin apurtzeko garaia" zela pentsatzen zuten baina uko egin diete.
Bestalde, 8:10etan abiatuko da aurten, ordutegia aurreratuz. Konpainia handitzen doan heinean ordutegiak bete ahal izateko. Izan ere, mila lagun inguru bildu ziren 2019ko azken alardean. Eta aurten gehiago espero dituztenez, sei ezpatadun izango ditu konpainiak txilibitoek danbor hotsen erritmoa jarraitzeko zailtasunak izango dituztela aurreikusita.