Irailaren 8aren atarian gauden honetan, aldaketarik gabe ospatuko da Hondarribiko alardea pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondotik. Aldiz, azken hilabeteen sakoneko aldaketak emateko elkarrizketak eman dira eragileen artean. Eta Gernikako Arbolan 1.000 laguneko talde argazkia egin eta gero, Guztion Alardea taldeko Telmo Floresek Antxeta Irratian nabarmendu duenez, "herrian gauzak mugitzen ari dira alderdi guzietatik, gatazkari aterabidea emateko aldaketarako bidea oso bizirik dago".
Hondarribiko Udala bere partetik, elkarrizketarako bideratzaile lanetan dihardu. "Eta ez da gutxi", dio Txomin Sagarzazu alkateak. Bere ustetan, ez dagokio udalari gatazkari irtenbide bat ematea, elkarrizketarako baldintzak eman eta laguntzea baizik. "Sumatzen den bidearen arabera izan beharko du udalarena ere", dio.
Zentzu honetan, udal talde politikoen lanean horixe bera adostu dutela argitu du. Abotsanitzek "aldaketarako beldurra galdu eta urratsak emateko garaia" dela adierazi badu ere. Baina Sagarzazuk esan duenez, "adostu dugu irtenbide zehatzez hitzegitea baino, Hondarribiko gizarte modura axola handiagoa duela elkarrizketarako pausoak eman beharretan gaudela oraindik". Hala, elkarrizketak aurreratu ahala, adostasunetik eta malgutasunetik, beste eztabaida batzuk iritsiko direlakoan dago alkatea. "Bada pentsatuko duenik, ez duzia busti nahi, baina gu ez gara irtenbideez ari", dio alkateak, "eta aitortu beharko da ere, gaur egun Alarde Fundazioak egiten duena legearen barrukoa dela, eta badagola sententzia bat esaten duena udala ez dagoela behartuta alardea antolatzera". Onartu du halere, Alarde Fundazioak antolatzeak ez duela esan nahi beste ikuspegi batekin antolatu ezin daitekeenik.