Ukrainako errefuxatu asko euren etxera itzuli bada ere, oraindik ere 5.022 ukrainarrek jarraitzen dute Hego Euskal Herrian. Horietatik 1.473 Gipuzkoan. Errefuxiatuen %40a inguru adin txikikoa da. Izan ere, ama seme-alabekin izan ohi dira, unitate familiar ohikoenak. Izan ere, 1.747 haur eta gazte dira ikasturte berrian eskola publikoetan matrikulatutakoak.
Hendaian, aldiz, datu ofizial askorik ez dago, beti Pirinio Atlantikoetako Departamenduko datuen baitan biltzen baitira Ipar Euskal Herriko datuak. Halere, apirilan ukrainarrak heltzen hasi zirenean, Hendaiako tren geltokitik egiten zuten. Eta Hendaiako CCAS (Gizarte Ekintzarako Herriko Zentroak) artatu zituen, baita integratzen lagundu ere.
Txomin Elizondo, Hendaiako CCASeko zuzendariak emandako datuen arabera, hasieran Hendaiatik iragandako ehunka haietatik 65 pertsona geratu ziren Hendaian. Baina horietatik 20 bat Ukrainara itzuli dira, edota BABko etxeetan kokatu dituzte Atherbea elkartearen laguntzarekin. Halere, une honetan, 45 lagun daude Hendaian (horietatik 15 Hendaiako eskoletan matrikulatuak).
Adaptazio epe bat behar izan dutela aitortzen du Elizondok, baina gaur egun etxebizitza, osagarri eta gainerako eskubideak dituzte, eta familia-buru gehienak lanean ari dira, gehienbat ostalaritzan edota eraikuntza sektoreetan. "Ez dute euren burua ikusten laguntza sozialei esker bizitzen, etxean egonez, eta ongi posizionatuak daude orain, bizimodu ahal bezainbat normalena egiten". Halere, ezjakintasun handian murgildurik bizi direla nabarmendu du CCASeko zuzendariak, Ukrainako gerlaren bilakaeraren arabera, behin-behineko egoera hau noiz arte luzatuko den ez dakitelako. Dena den, zenbaitzuk bertan geratzeko asmoa adierazi dute. "Ez dute itzuli nahi".