Ekainaren 29an garbiketa zerbitzuen azpikontrata duen ISS enpresaren eta langileen artean PRECOn izandako bilera antzua izan zen. ELA sindikatuak salatu duenez, multinazionalaren ordezkariak proposamenik egin gabe eta telematikoki egin baitzuen bilera, "etxeko zapatilletan egitea besterik ez zitzaion falta". Irailaren 8a berriz biltzeko agindu zieten. Eta udan negoziazioan urratsik eman ez denez, 109 greba egun eta gero, greba mugagabera jo dute udal bulego eta eskoletako garbitzaileek.
Enpresak urtez-urte automatikoki berritzen den kontratu bat du udalak esleituta. Eta hitzarmen berri bat izenpetuko balitz, zerbitzua lehiaketara atera beharko lukete berriz. Hori horrela, ELAk argi du "enpresa propio ari dela lan gatazka luzatzen, kontratua berritu eta dirua kobratzen jarraitzeko". Aldiz, udalak eskuhartu dezala eskatu dute, eta ikasturte berria hastear denean, "enpresari aski estutu ez izana" leporatu diote udalari. "Haizeak nondik jo eta zuloak tapatzen doa, baina borondaterik ez dago", dio Xabier Etxanizek, ELAko ordezkariak.
Eskolako guraso eta udalaren jarrera
Ikasturtea zinkeri ezin garbiturik, higiene baldintza eskaxaekin hasiko dutela ikusita, Loraitz, Talaia, Biteri eta Bordari eskoletako gurasoek udalarekin bilera egin zuten abuztuaren 25ean. Horren ondotik, udalak %100eko zerbitzu minimoak eskatu ditu eskolak garbituak izan daitezen, baina Eusko Jaurlaritzak ez du hau onartu. ELA sindikatuak argi du "greba eskubide urraketa" izango litzakeela. "Susmoa baldin bagenuen, argitu zaigu, gatazka honetan bi baten kontrakoa dela, udala enpresarekin batetik, eta garbitzaileak bestetik".
Udalak ukatu egin du enpresa estutu ez duenik. "Gure neurriak hartzen ditugu, grebaren ondorioz ematen ez diren zerbitzuak ez ordaintzeko, adibidez", azaldu du Txomin Sagarzazu alkateak. Bestalde, garai batean 600.000 euro inguruko kontratua zena, milioi eurokoa da orain, eta lan hitzarmena berritu ez bada ere, udal langileen soldata KPIaren arabera igotzeko akordioa, garbitzaileei ere aplikatzea adostua dute.
Hala eta guztiz ere, urtarrilaren 10etik negoziazio saiakera oro antzua izan dela diote langileek. Eta 21 garbitzaileetatik 13k greba mugagabera jo dute, atzerabueltarik ez dagoelakoan. "Herritarrak ohitu beharko dira eskolak zikin ikustera", iragarri dute. Anartean, mobilizazioetan sartu dira berriz ere. Irailak 5 honetan, San Pedro kaletik kalejira egingo dute 17:00etan hasita, eta hilaren 7an, berriz, 12:00etan bilduko dira Kale Nagusian. Haiekin bat egiteko deia luzatu diete herritarrei.
Zerbitzuaren publifikazio eskaera
Langileek ez ezik, Abotsanitz udal taldeak eta Talaia guraso elkarteak ere, zerbitzuaren publifikazioaren aukera proposatu dute aterabide gisa. Izan ere, udalarentzat lan egiten duten langileak dira garbitzaileak. ELA sindikatuak argi du "dirua bero-bero" eramaten duten multinazionalak direla, bitartekariak. "Enpresa parasitario hauek erditik kentzeko modu bakarra zerbitzua publifikatzea da", dio Etxanizek udalak zerbitzua azpikontratatzen badu ere, ardura udalarena izaten jarraitzen duela oroitaraziz.
Txomin Sagarzazu alkateak, aldiz, beste ikusmolde bat du: "30 urtez horrela kudeatu da gatazkarik gabe, beraz, arazoa ez da eredua", dio alkateak, "ez dut esaten hala erabaki ezin daitekeenik, baina prozesu horrek ere luze jo dezake, pliegu berriak onartu, lehiaketa deialdia egin... gainera, langileen subrrogazioa ezingo litzateke bermatu, eta bitartean ere, eskoletako garbiketa bermatu behar da". Hortaz, enpresari eta langileei negoziatu dezaten eskatu die udalak ezin duela horretan parte hartu azpimarratuz.