Guztion Alardea: "Ondareari zor diogun errespetuagatik alardea bakarra behar badu, denok eroso sentitzeko espazio bat bilatu behar dugu"

Antxeta Irratia 2022ko ira. 5a, 00:00

Ehunka lagun bildu ziren ostiralean (irailak 2an) Guztion Alardea herri plataformaren talde argazkia egiteko deialdiak. Argazkiaren aurretik, 2019an hasi zuten ibilbidearen inguruko hausnarketa bat egin dute. Hiru urte hauetan gatazkari konponbide bat emateko bide berriak sortzen aritu dira. Eta "konponbidea gero eta gertuago" dagoela uste dute.

Telmo Sagartzazu plataformako kidea optimista da, eta sakoneko aldaketa bat ematen ari dela uste du: "nik uste gero eta beldur gutxiago dagoela norbere iritzia emateko, eta gazteen artean kontsentsu handia dagoela, aldaketaren kontra gogor jarraitzen duten gazte gutxi dago, edo ia ez dago". Zentzu horretan, plataformako bultzatzaileek 25-30 urte inguru dituztenez, ez dute gatazkarik gabeko alarderik ezagutu, baina aterabidea argi dute. "Guk ez dakigu zein den konponbidea, baina desberdin pentsatzen duten herritarren elkarrizketatik etorri behar du".

Haatik, Gernikako Arbolan egindako argazkian adin guztietako herritarrak bildu ziren ostiralean. Eta horregatik ere, ekimen hau konponbiderako mugarritzat jo dute. "Ez dakit zer gertatuko den, herrian mugimendu bizia dago norabide guztietatik, baina jendeak 'altura de miras' euki beharko du jaso dugun ondare horri etorkizuna bermatzeko, eta ditugun desberdintasunen gainetik irtenbide bat emateko", argitu du.

Halere, oso garbi utzi dute alarde bakarra dagoela, eta horrela jarraitu beharko duela. "Kontua da emakume bakar batek atera nahi badu, desfilatzeko eskubidea duela", dio Telmo Sagartzazuk, "baina ematen du alardean parte hartzen baduzu emakumeen partehartzearen kontra zaudela, eta ez da horrela".

Zenbait esparruetatik Irungo eredua sartu da eztabaidan, non bi alarde antolatzeko apostua egin zen gatazkari aterabide gisa. Baina Jaizkibel konpainiak berak 22. konpainia izateko nahia adierazi duen bezala, Guztion Alardea plataformak ere, alarde bakarra eta publikoa (udalak antolatutakoa) antolatzeko beharra iragarri du, herriaren ondarea den heinean herrira itzuli dadin. Gaur egun Alarde Fundazioak era pribatuan antolatzen baitu.

Halere, elkarrizketak bere bidea egiten doan heinean, lanean jarraitu beharko dute aurrerantzean ere. Irailaren 8 honetan ez baita aldaketa sakonik emango, eta Jaizkibel konpainia parekideak ez du alardearen barruan desfilatzeko baimenik lortu. Uda hasieran 64 emakumek egindako eskaerari ere, ez dio udalak erantzun ere egin.