Sexu erasoen kontrako neurriak hartu dituzte Urruñako eta Hondarribiko jaietan, ziztaden fenomenoaz kezkaturik

Antxeta Irratia 2022ko ira. 5a, 00:00

Hondarribiko jaiak abian direlarik, Txomin Sagarzazu alkateak arrangura adierazi du neska gazteenganako ziztaden fenomenoarekin. Uda honetan (estropada egunean) protokoloa aktibatu zuten kasu bat eman zelakoan, baina gerora ez zen hala izan. Dena dela, sexu erasoen kontrako protokolo bat plantan eman dute, eta ‘Hondarribia Eremu Segurua’ izeneko kanpainaren barruan, informazio puntu moreak ezarri dituzte txosnagunetan. Alkateak aipatu duenez, "txosnetan ariko diren eragileei formakuntza eskaini zaie, eta babes-sare bat osatu da herriko elkarte, ostatu eta komertzioen laguntzarekin".

Abotsanitz udal taldeak "kanpaina txukuna" egin dela onartu du, baina tenorez landu izan balitz hobetu zitekeela dio. Nolanahi ere, Estitxu Urtizberea hautetsiak kezka adierazi du ziztaden fenomenoarekin. "Beldurra sorrarazi du, eta emakume batzuk ez dira berdin ateratzen, beren espazioak, ordutegiak eta nahiak kontrolatu behar dituzten bitartean, gizonek kezkarik gabe gozatu dezakete kalean", dio hautetsiak. Horregatik, herritarrak emakumeen konplize bihurtzeko deia luzatu du Abotsanitzek "kaleak neskenak ere direlako eta feminismoak irabazitako espazioak ezin direlako galdu".

Urruñan prebentzio lana

Bestak dira ere Urruñan. Eta joan den asteburuan izan dira gaueko dantzaldi nagusiak erasoren berririk eman gabe. Bertan ez dute Hondarribiko babes gunerik, ezta biktimak artatzeko baliabiderik ezarri, Baionako bestetan egin zen bezala. Baina beharrezkoak diren telefono zenbakiekin, pegatina bat banatzen dute ekimenarekin bat egiten duten partaideen artean.

Annie Poveda hautetsi da Urruñan eta emazte eta gizonen arteko berdintasunaren lantaldeko ordezkaria. Informazioa eta prebentzioa garrantzitsua izanik ere, bestazale guztien esku dagoen ardurari deia egin du herriko etxeak norbere burua eta besteena babesteko.

Urruñako bestak asteazkenean bururatuko dira Laborarien Egunarekin. 9etan, kabala primak plazan, 12etan, sari emaitea eta Kuxkuxtu Txaranga, 17etan, Dongaitz trinketean, Gurruchaga lehiaketaren finala, 19etan plazan dantzaldia Joselu Anaiaekin, eta azken dantzaldia 22:30etan Edantza taldearekin.