Bi urteko prozesu partehartzaile baten ondotik, Irungo Emakumeen Etxea 2023ko hastapenean prest egongo da. Istillaga plazan, hirierdian kokaturik, 280 metro karratuko egoitzaren egokitzapen lanak irailan hasiko dituzte, eta 466.000 euroko inbertsioa egingo du Irungo Udalak horretarako. Ondoren, kudeaketa eredua argitu eta gero, Udalak urtero berezko diru partida zehaztu beharko du bere eguneroko jarduera eta zerbitzuak mantentzeko.
Kudeaketa eta zerbitzu finkoak
Hiriko 60 emakume baino gehiagok parte hartu dute proiektuaren diseinuan, internet bidezko saioetan ez ezik, lau orduko zazpi bilkura egin dituzte hilabeteotan, eta adostutako elkarte berri bat sortuko dute Emakumeen Etxearen kudeaketarako.
Herriko etxeak bere partetik, zenbait zerbitzu profesional proposatuko ditu bertan. Ahalduntze Eskolaren formakuntza eta atelierrak batetik, eta berritasun nagusia bestetik: indarkeria matxistaren biktimak artatzeko eta babesteko harrera gune bilakatuko baita, eta haiendako laguntza psikologikoa eta juridikoa emango dute kitorik.
Miren Etxebeste, Irungo Udaleko Berdintasun ordezkariarekin hitz egin dugu.