Proiektua ezbaian jarri eta haien irudia zikintzeko kanpaina salatu du Enbata gaztetxeak

Antxeta Irratia 2022ko abu. 25a, 00:00

SudOuest kazetak ustezko bizilagun anonimo baten salaketari oihartzun emanik, Hendaiako Enbata gaztetxearen kontrako artikulo bat plazaratu zuen joan den astean. Haatik, gazteei iritzia emaitea ukatu die. Hau salatzeko, eta erantzun baten emateko 120 lagun bildu dira Hendaian gaztetxea sustengatuz.

Hiri Bestan berant arte besta egin zutela aitortu dute gazteek, auzokideen loa trabatuz. Baina akusazio horien atzean gaztetxearen irudi okerra emateko interesa ikusten dute. Izan ere, hiru urteotan Enbata gaztetxea kultura hauspotzeko eta Hendaia biziarazteko aterpe bilakatu dela defendatzen dute.

Baina gaztetxearen egoitza herriko etxeak utzirikoa da hitzarmen bidez. Eta bertan bizitokiak eraikitzeko proiektu bat badenez, jarrera erasokor horren gibelean dauden helburuetaz ohartarazi du Enbata gaztetxeak.

Zentzu horretan, Kotte Ecenarro auzapezak bertsio hau babestu zuen artikulu horretan, gazteekin inolako desmartxarik egin gabe. Hala, Sudouest egunkariari euren erantzuna osoki argitaratzea exijitu diote. Eta auzapezari ez ezik, kexurik ukan dezakeen orori haiengana hurbildu eta lasai mintzatzeko gonbita luzatu diote.

Aitzol, Enbata gaztetxeko kidearekin hitz egin dugu.