Melillako hesian izandako sarraskia salatzeko elgarretaratzea deitu du Harrera Sareak Irunen

Antxeta Irratia 2022ko eka. 27a, 00:00

Irungo Harrera Sareak elgarretaratzea deitu du astelehen honetan 18:30etan San Juan plazan. Joan den ostiralean Melillako hesian emandako sarraskiaren aurrean poliziaren jarduna salatzeko. "Gobernatzen gaituztenen ekintza hiltzaileen aurrean, elkartasuna eta harrera" delako erantzuna, "eta ez dagoelako baliorik ez duen bizitzarik".  

Caminando Fronteras GKEaren arabera, gutxienez 37 hildako lirateke osztiralean hesian izandako gertakarien ondorioz. Aldiz, Marokok gaur 20 hildako izenik gabe lurperatzeko agindu du Nadorreko mugako herrian.

Nolanahi ere, "edozein estatu lotsatzeko moduko irudiak" ikusi ditugu egunotan. Eta Espainiako presidente Pedro Sanchezek marokoar gendarmeen lana eredugarritzat jo duen bitartean, Anaitze Agirre Larreta, Harrera Sareko eta SOS Arrazakeriako kideak argitu du "bizitza hobeago baten bila datorren jendeari lagundu behar diogula gure egoera pribilegiatutik". Estatuen biolentzia honen aurrean, "migrazio politiken diskurtso eta marko perbersoak" salatzeko deia egin du. Izan ere, "pixkanaka sarraskia disimulorik gabea eta kualitatiboki zein kuantitatiboki ere emendatzen doala" oroitarazi du, eta horrek esan nahi du bizitza batzuk ezer ez dutela balio agintarientzat.