Herritarrak gonbidatuz eta genero bereizketarik gabe egingo du dantza Kemenek aurtengo Irungo jaietan

Antxeta Irratia 2022ko eka. 21a, 00:00

Aurtengo San Juan bezperarekin "irudi polita" emango dutelakoan dira Kemen dantza taldeko kideak. 1982az geroztik (1979tik San Pedro egunean ere) urtero San Pedro eta San Martzial jaiei abiada emateaz gainera, udako solstizioari ongi etorria eman ohi diote taldeko dantzariek Aurreskua eta Soka dantzan. Aurten, aldiz, bi nobedade ekarriko ditu euskal dantza taldeak. Urteetako hausnarketa sakon baten ondotik, emakumeek ere parte hartuko baitute Soka dantzan. Lehen aldikotz 40 urtetan.

Eder Balladares Kemeneko kideak dioenez, "genero bereizketarik gabe dantzatu nahi dugu, dantzariak dira denak". Hortaz, jantzi berdina erabiliko dute dantzari guztiek taldeak hala erabakita. Halere, aldaketa txiki bat besterik ez dela diote, eta garrantzi handiagoa ematen diote bigarren aldaketari: "taldeko dantzariei ez ezik, herritarrei irekia izan dadin nahi dugu, eta ondoren ere fandango eta arin-arinean parte hartzeko deia luzatu dugu".

Kaleak eta dantzak berreskuratu

Aurtengoa “inflexio puntu” bat izanik ere, euskal dantza ahalik eta partehartzaileena izan dadin dute helburu. "Pandemian kaleak hain hutsik egon eta gero, buelta bat eman diogu eta dantza kalean egitea proposatu genion Udalari eta onartu du", dio Balladaresek. Halere, garai batean bezala San Pedro Egunean dantza egitea eskatuta, hau baztertu egin du udalak.

Halere, hilaren 26ean jaietako ohiko dantza ekitaldia oholtza gainean egin beharrean, Irungo kaleetara eramango dute. ‘Ezpata dantza’ eta ‘Brokel dantza’ proposatuko dute ibilbide bat eginez. "Hurrengo urteetarako ohitura bilakatzea polita litzake, ez daudela egun finko asko Gipuzkoan 'Ezpata dantza' eta 'Brokel dantzak' ikusteko. Ibilbidea Ama Xantalen ermitan hasiko dute 12:00etan, eta Urdanibia plazan, San Juan plazan, Junkal eliza aurrean eta Kale Nagusian dantzatuko dute.