Elgarretaratze jendetsua izan zen atzo eguerdian Irungo San Juan Plazan, larunbata goizean Behobia-Pausuko zubi aldamenean Bidasoa ibaian Guardia Zibilak aurkitutako Abderraman Bas 25 urteko ginearraren heriotza salatzeko. Azken honekin 9 dira dagoeneko Bidasoako mugan "polizia kontrol arrazialak gainditu nahian" bizia galdu duten migranteak 2021eko apirilaz geroztik.
Irungo Harrera Sareak gogor salatu du azken asteetan polizia frantsesak zorroztu dituen kontrolak. "Egunotan zenbait migrantek bospasei aldiz saiatu dira, eta atzera bota dituzte", dio Josune Mendigutxiak, "Gurutze Gorriko aterpetxean gehienez hiru gau egin dezaketela kontuan hartuta, kale gorrian geratzeko arriskuan, bide okerrak hartzera behartuak ikusten dute euren burua".
Korridore humanitarioak
Harrera Sareak egunero San Juan plazan duen informazio gunetik 8.200 migrante baino gehiago lagundu zituzten iaz. Eta 22.000 lagun baino gehiago dira 2018az geroztik. "Honek ez du etenik izango, eta mugako kontrolak horrela segituz gero, tamalez, ez da azken biktima izango", kexu da Harrera Sareko kidea.
Atzoko elgarretaratzean irakurri zuten manifestuan, migranteak libre mugitu ahal izateko "korridore humanitarioak" ireki ditzaten eskatu zuten beste behin ere. Hori frantses estatuaren esku dago une honetan, eta horregatik ere, Eusko Jaurlaritzak bere diskurtsoa gogortu egin du asteburu honetan emandako gertakariaren harira. Halere, "hemendik gehiago egin daitekeela" uste dute Harrera Sareko kideek. Ukrainar errefuxatuekin egin izan den bezala, borondatea dagoenean, egiten ahal dela erakutsi dutelakoan baitira.