Muga harresi bilakatzen hasia da migratzaile askorentzat

Antxeta Irratia 2022ko eka. 17a, 00:00

Gaur 44 migratzaile iritsi dira Irunera. Haien artean bost emakume gazte eta hiru haur txiki. Azken hilabeteotan migranteen fluxua erdira apaldu bada ere, berriz ere in crescendo doala ohartarazi du Irungo Harrera Sareak. Josu Mendigutxiak esplikatu digunez, Melillako hesia gainditu dutenetako asko ari dira Irunera heltzen egunotan. Baina udako sasoiak ere badu bere eragina. "Kanariar uharteetan udako turismo denboraldia dator, eta migrantez garbitu behar dituztenez, hasi da berriz fluxua azkartzen", dio Mendigutxiak. Eta gauza berbera gertatzen ari omen da Balear Uharteetatik datoztenekin. Izan ere, Aljeriatik Penintsulara sartzen ari diren migranteak ere identifikatu dituzte.

Nolanahi ere, Harrera Sareak argi du migratzaileek "lehenago ala beranduago" Frantziarako bidea segitzea lortzen duela. Aldiz, kopuruak handitzen diren heinean Bidasoa ibaian istripuren bat geratzeko aukera ere emendatzen da. Izan ere, azken egunotan mugetako kontrolak nabarmen zorroztu ditu frantses poliziak. Biriatun ere frantses militarren presentzia nabaria da, eta gaur bertan Guardia Zibila helikopteroz aritu da Bidasoa ibaia inork trebeskatzen ote duen airetik kontrolatzen. "Muga inoiz baino harresiago bilakatzen ari dira migranteentzako, eta horrek bide geroz eta arriskutsuagoak hartzera behartzen ditu".

 

Erlazionatuak

Muga harresi bilakatzen hasia da migratzaile askorentzat

Antxeta Irratia 2022 eka 17 Behe Bidasoa