Alarde Publikoari udaletxeko balkoian harrera egingo ote dion argitu gabe bada ere, San Pedro eta San Martzial jaien atarian 10 puntuko bandoa plazaratu du gaur Irungo alkateak. Alarde egunari begira hartuko duen erabakiari buruz galdetuta, Jose Antonio Santanok "gero gerokoak, oraindik asko falta da" erantzun du. Eta ospakizunak ahal bezain ondo joan daitezen, arduraz eta errespetuz jokatzeko deia luzatu du. Udalak bere partetik, segurtasun arazoak sahiesteko prebentzio neurri eta protokolo guztiak martxan jarri dituela oroitarazi du.
Hala, Irungo alkateak, COVIDak "hor jarraitzen" duela, baina harekin bizitzen ikasi dugula nabarmendu du, arduraz jokatzea eskatuz. Eta bi urte ondoren "denok ilusioz gozatu ahal izateko" errespetuz aritzea eskatu du, besta egiten dutenen artean ez ezik, baita bestak posible egiten dituzten langileekin eta jaietako programa osatzen duten 140 jardueretako elkarte antolatzaileekin ere. Hamar puntuko mezua izanik ere, bestak bizitzeko moduetaz, eta sexu erasoen aurrean zero tolerantziaren jarrera adierazi nahi izan du denen gainetik.