Garbitzaileen lan gatazkaren negoziazioa abiapuntura itzuli da grebaldia hasi eta hilabetera

Antxeta Irratia 2022ko eka. 15a, 00:00

Maiatzaren 18az geroztik greban, atzo (ekainak 14) lortu zuten ISS azpikontratako udal garbitzaileen ordezkariek Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkatearekin aurreneko aldiz biltzea. Halere, "greba bertan behera uzteko arrazoirik ez dago" Xabier Etxaniz ELAko ordezkariaren arabera. Eta beraz "tinko" eutsiko diote ekainaren 30a arte deitua duten grebari, baita mobilizazioei ere. Eta aterabiderik atxeman ezean, greba mugimendua udan luzatuko dute, eta irailan ikasturte berrian mugagabe bilakatzeko arriskuaz ohartarazi dute.

Izan ere, atzoko bileran udalak ISS azpikontrata enpresarekin negoziatzeko erantzun die. "Negoziaketa hiruen artean eman beharko litzake, enpresarekin bizpahiru aldiz bildu baikara hilabeteotan, eta udalak haiengana bideratzen digute", kexu da Etxaniz, "halere, alkateak aitortu digu lan hitzarmena zaharkitua dagoela, eta berritu beharra dagoela". Hortaz, aurrerapauso "txiki-txikia" eman dela nabarmendu du sindikatuak. Halere, lan gatazkaren negoziaketaren eszenatokia "hasierako kasilara itzuli" delakoan daude.

Anartean, herritarren 900 sinadura bildu dituzte, eta hondarribitarren sustengua eskertzen dute 21 emakume langile hauek. Halere, Bordari, Satarka ikastexteetan eta Loraitz haurreskolan, euren greba eskubidea zanpatua dela salatu dute. Izan ere, zerbitzu minimoak agindu zizkien Eusko Jaurlaritzak baina garbitzaileak iritsi orduko hainbat gune garbituak topatu ohi dituzte, edo haien lana oztopatua. Eusko Jaurlaritzak inspekzio bat egin zuen joan den ekainaren 10ean egoera zein zen ikusteko. Txosten horren esperoan dira salaketa aurkezteko.