Etxe kaleratzeen beharrei erantzungo dieten erabilera sozialerako bizitokiak ahalbidetu ditu Irungo EH Bilduk

Antxeta Irratia 2022ko eka. 2a, 00:00

Joan den maiatzaren 27ko kreditu aldaketarako udalbatzak 14 milioi euro gehitu dizkio Irungo 2022ko udal aurrekontuari. EH Bilduk, 9,2 milioi euroko proposamenak egin zituen, eta udal gobernuarekin 200.000 euro inguruko emendakinak baizik ez zituen adostu ahal izan. Halere, kopuruetan baino, alde kualitatiboa nabarmendu nahi izan koalizio abertzaleak.

Izan ere, erabilera sozialerako etxebizitzak erosi eta atontzeko urgentziazko bidea hartuko du udalak koalizio abertzalearen eskaerari kasu eginez. Izan ere, azken 10 asteetan hamar familia desjabetu dituzte Irunen, gehienak alokairua ezin ordaintzeagatik. Eta krisi ekonomiko egoera honetan, beharretan diren familiei berehalako erantzun bat emateko gaitasunik ez du une honetan udalak. Dituen bizitoki guztiak okupatuak dituelako. Baina hau (500.000 euro inguru) kreditu modifikazioz kanpo bideratuko dute.

Gainerakoan, EH Bilduk "baiezko kritikoa" eman zuen udalbatzan. "Irudiu zaigu 14 milioi euroko aukera historikoa zelarik, zementu gehiegi aipatu dela proiektuetan, Irun hobetzeko eduki sakonagoak baino", dio EH Bilduko bozeramaleak, Jokin Melidak. Halere, pozik agertu dira auzoak biziberritu eta zerbitzu publikoen deszentralizatzeko, udalaren kontratazioetan jasangarritasun irizpideak txertatzeko edota kirolguneen hobekuntzan (Endarlatsako San Migel eraikina ur-bizietako kirolarientzat egokitzeko eta Plaiaundiko pistaren tartana berritzeko), zenbait bide berri irekitzea lortu dutelako. Hortaz, hurrengo kreditu aldaketa eta aurrekontuetan egungo krisi sozialari “benetako neurri sozialekin erantzutea” espero dute.