Sarrionandiarekin solasaldia antolatu du Hendaiako Baleak elkarteak ostegun hontan

Antxeta Irratia 2022ko eka. 1a, 00:00

Baleakeko Solasaldien hurrengo hitzorduaren aiduru dago jende asko. Ikasturte honetan hainbat idazle eta aditu gonbidatu ondoan, Hendaiako elkarte honek Joseba Sarrionandia, 'Habanako Gaukaria' gonbidatu baitu ekainaren 2an, Kuban idatziriko trilogiaz mintzo. Berak eskatu bezala, galdera-erantzun formatoan, solasaldi libre bat goxoan partekatzeko aukera izango da Joseba Sarrionandiarekin.

Mikel Asurmendik bideratuko du solasaldia. Eta iragarri duenez, Sarrionandiak bere burua publiko agertu zuenetik idatziriko trilogiaz mintzatuko da. Kuban idaitziriko 'Bizitzea ez al da oso arriskutsua', 'Airea ez da debalde' eta 'Gauzak direna balira'. Asurmendik berak Joseba jomuga duen 'Kalaportutik Iurretara' entsegu liburua hartuko du aitzaki, Sarrionandiaren figura hobe ezagutarazteko. "Euskal filologo, poeta, filosofo ere bada Joseba, eta jendearekin gogoetarako tartea izango da solasaldian", iragarri du Baleak elkarteko kideak.

Hitzordua ostegun honetan 19:00etan Hendaiako Baleak elkartearen egoitzan izanen da, hirierdiko Ereinotz kalean.

Bestalde, Pamiela argitaletxeak jakinarazi du Joseba Sarrionandiak ostiralean Bilboko Liburu Azokan aurkeztuko duela bere azken lana "Munduari bira eman zion ontzia", baina larunbatean Ziburuko Euskal eta Liburu Diska Azokan egongo zela iragarri bazuten ere, momentuz, ezin dute bere presentzia segurtatu. Halere, 30 idazle eta sortzaile izanen dira Ziburun larunbatean, goiz eta arratsalde, euren lanak sinatzen.

 

Erlazionatuak