Badator Ziztaka Eguna, Kulturakada-rekin Irungo kaleak euskaraz eta kulturaz blaitu ondoren

Antxeta Irratia 2022ko eka. 1a, 00:00

Kafe Antzoki baten proiektua Irunen gauzatu dadin, hiru urte darama Ziztaka kolektiboa lanean. 150 lagun eta eragileren indarrak bildu ondotik, hiriko auzo elkarteekin eta udal talde politikoekin harremanetan dabil. Baina anartean, "kulturarentzako espazio baten beharra ikustarazteko" hilabeteotan antolatutako Kulturakada kultur zikloa bururatu berri dute, maiatzaren 14an Junkal plazatxoan taularatutako 'Hackers' antzezlanarekin. Arte plastikoen museo ibiltaria, literatura eta bertsolaritza ere landu dute gainerako saioetan, eta Kontakizunen lehendabiziko Ziztaka Lehiaketa ere antolatu dute urte hastapen honetan. 

Maider Ugarte, Ziztakako kideak dio "pozik txoratzen" daudela ikusleek eta partehartzaileek Kulturakada ekimenari egindako harrerarekin. Izan ere, helburuak bete dituztelakoan dira. "Ideia zen erakustea zenbat artista dauden Irunen, zein disziplina desberdinetakoak, eta euskaratik eta euskaraz lanean ari direla, baina ez dutela espazio egokirik".

Kulturakada behin bururatu dutela, halere, ez doaz oporretan. Ekainaren 11n Ziztaka Eguna 2.0 antolatu baitute Urdanibia plazan. Arratsaldeko 19:00etan hitzartzea izango da Ziztakaren proiektuari buruz, kontakizun lehiaketaren sari banaketa egingo dute, eta Eneritz Furyiak irundarraren kontzertuarekin borobilduko dute.