Kultura departamendutik aurreikusia duten ahalegin ekonomikoaren hari beretik, komertzioa eta ostalaritza suspertzeko eginahaletan hainbat erronka eta ildo estrategiko markatu ditu Irungo Udaleko Hiri Bultzadarako arloak ere. Pandemiak erakutsitako bideari heldu, eta sektorea suspertzeko hiri dinamizazioaren beharra dagoela sinetsita dago Juncal Eizagirre arloko ordezkariak. Eta aurten "kaleko jarduerak errekuperatzen ari garen honetan, Irunek zer eskaini handia badu, hau indartu eta ekitaldi-hiria bilakatzeko apostua egin nahi dugu", adierazi du.
Bide horretatik, uztailaren 14tik 17ra ospatuko den Dies Oiassonis jaialdia inoiz baino sendoagoa izan dadin, 2019ko azken edizio "normalak" izandako aurrekontua bikoiztu egingo du udalak 200.000 eurotaraino. Erromatar zirkua, Navigium Isidis izeneko ikuskizuna eta Junkal plazatxoko antzezpen historikoak ere antolatuko dira berriz.
Komertzioari bultzada
Bestalde, ekainaren 19a arte indarrean den Irun Aurrera erosketa bonolaguntzen bosgarren edizioaren ondotik, udazkenean seigarrena iragarri du Eizagirrek. Horretarako 200.000 euro gehiago bideratuko ditu Udalak. Horrekin batera, orotara milioi euro egingo ditu, eta orain artean 25.556 lagunek bonoak erabili dituztela jakinik, horren inpaktu ekonomikoa hirukoitza izango delakoan balorazio baikorra egin dute komertziante eta ostalariek ere.
Era berean, Market Place ekimenarekin aurrera doaz. Ekainaren 6tik 19ra hiriko establezimenduei bat egiteko epa zabalduko zaie, eta udazkenean jarriko dute martxan. "Online komertzioa etengabe garatzen doan garaiotan, komertzio txikiak indarrak bildu, eta salmetan tradizionalaren osagarri izango den plataforma ezinbestekoa izango delakoan gaude"; dio zinegotziak, komertzio txikiek eguneratzeko egin beharko dituzten inbertsioetarako dirulaguntzak jaso ahal izango dituztela gogoratuz.
Bestalde, K-Biziak laguntza programarekin jarraituko du Udalak. Baina oraingo honetan, komertzioa dinamizatzeko ez ezik, ostalaritzaren sektorearentzat laguntza linea berri bat sortuko dute 25.000 euro gehigarrirekin.