Kai Berria itxita, eta tabakorik gabe ekingo diote Hondarribian hondartza sasoiari

Antxeta Irratia 2022ko mai. 30a, 00:00

Hainbat nobedade ekartzen ditu berez ekainaren 15etik irailaren 15era bitarteko hondartza sasoi berriak. Pandemia ondoko aforo kontrolik gabekoa izango da, garai batean ezagutzen genuen hondartzaz gozatzeko aukera emanez. Baina garai berrietara egokituz, Kerik Gabeko Gunea bilakatuko da Hondarribiko hondartza aurten. Gonzalo Carrion zinegotziak azalduduenez, "Osasun Sailaren ekimenarekin bat egin dugu, aldamenekoari kearekin ez traba egiteko, eta hondakinak hondarretan ez pilatzeko". Era berean, pandemiarekin zakarrontziak hondartzatik ateratzeko neurria bere horretan mantenduko dute aurten ere. 

Aldaketarik ekartzen ez duenak, aparkalekua da. Asteazken honetan, ekainaren lehenean kobratzen hasiko dira Hondarribiko hondartzako aparkalekuan eta Foru kaleko TAO gunean ere. Udako sasoia ekainaren 15etik irailaren 15era bada ere, bisitarien joan-etorria nabaria da dagoeneko herrian, eta Txomin Sagarzazu alkateak oroitarazi duenez, "TAO zaindarien kontratuekin batera" abian jartzen dute aparkalekua.

Kai Berria eta Lurgorriko aparkalekua itxitak

Dena dela, aurten hondartzara bertaratzeko, oinez, autobusez edota prest diren 300 bizikleteroak baliatuz egitea gomendatzen du udalak. Izan ere, Lurgorriko aparkalekua ezingo da erabili. "Ezingo dugu Kai Berriraino joan ezta hura erabili ere, kanpo portuko sendotzen lanak direla eta, beraz, autoz datorrenarentzat bidea hondartzan amaituko da", ohartarazi du alkateak.

Izan ere, kanpo kaia edo girixi portuaren sendotze lanak atzeratu egin ditu Eusko Jaurlaritzak obra baimen tramiteak direla eta, baina 4 eta 18 tona arteko harripuskak pilatzeko erabiliko dute Lurgorri aldameneko aparkalekua. Aldiz, bertan galtzen diren 90 aparkaleku plazen aldean, hondartzako aparkalekuan aforoak kontrolatzeko itxi egin zen eremua, berriz ireki egingo dute eta 178 plaza eskainiz. Orotara, aparkalekua eta Foru kaleko plazak kontuan hartuta 1.500ndik gora plaza daude inguru horretan. Nolanahi ere, Kai Berria ezingo da erabili uda honetan.

Gainerakoan, hondartzako zerbitzu guztiak normaltasunez aktibatzeko 203.000 euro bideratuko ditu udalak aurten.

Hondarribiko hondartzako instalakuntzak

Komunak: 9.00etatik 20.00etara irekiko dira astelehenetik igandera, eta aldagelak aldiz, 10.00etatik 20.00.

Gurutze Gorria: Ekainak 15etik irailak 15era, egunero. Ekainean eta irailean, 11.00tatik 19.00tara lan egiten dute eta uztaila eta abuztuan aldiz, 10.30tatik 20.00ak arte.

Instalazio hauetatik kanpo, hondartza eta inguruan honako hau topa daiteke: 6 dutxa lau isurikoak, 6 iturri bikoitz eta 5 hankak garbitzeko gune.