Baiona-Donostia Eurohiria egituratzen jarraitzeko, mugazgaindiko garraio kolektibo jasangarria ezinbestekotzat jotzen dute agintariek. Eta aurreko astelehenean SmartMob eta E-Mobask proiektu europarrei esker, aitzinapauso berriak eman dituzte. 2028 urterako Baiona-Donostia arteko tren berria dute erronka nagusia. Baina bidean urratsak ematen doaz. Hala, Lapurdi eta Gipuzkoako garraio publiko ororen informazio-gida amankomuna osatzeaz gain, elektrikomugikortasunaren aldeko apostua eta bidai-txartelen harmonizazioan ari dira lanean.
Horretan lehen urratsa izanen da, Txik Txak txartelaren erabiltzaileek Irun eta Donostiako autobusetan ere baliatu ahalko dutela. Azken testak egiten ari dira, eta aste gutxiren buruan martxan izanen da.
Gipuzkoarrek duten Mugi izeneko txartelak, aldiz, urtebete itxaron beharko du oraino.
Baiona-Donostia artean 3,5 milioi desplazamendu egiten dira urtean, eta horien %80a auto pribatuan egiten da. Hortaz, mugazgaindiko garraio kolektiboa eta haien arteko loturak hobetuz, bizi-eremuak eta harremanak estutzeaz gain, trantsizio ekologikoaren erronkan estrategikoa izanen da.