Hondarribia Dantzan: erromeria eta dantza agerraldi ibiltariarekin herriko txoko desberdinak alaitu nahi dituzte

Antxeta Irratia 2022ko mai. 19a, 00:00

Pandemia denboran online formatoan halamoduz atxiki ondoren, Hondarribia Dantzan jaialdiak berriz ere plazara eramango du euskal dantza. "Kaleak alaitu eta dantzaz betetzeko gogoz" dabiltzala aipatu digu Kemen taldeko Mikel Buttonek. Halere, mantso joan nahi izan dutela argitu du. Baina bi ekitaldi nagusik osatuko dute egitaraua. Ostiralean 19:00etatik aurrera erromeria ibiltaria izango da, "plaza jakin batean egin baino, herriko ahalik eta txoko gehien alaitu nahi izan ditugu", argitzen du Buttonek.

Larunbatean, aldiz, dantza formalagoaren eguna izango da. Iaz etortzekoa zen Iurretako Mikel Deuna dantza taldeko kideak gonbidatu dituzte. Eta Kemen dantza taldeko harrobiko Adaxkako dantzariek izango dute kalean dantza egiteko aukera. "Azken urteak gogorrak izan dira beraientzat, eta merezia dute halako plazan dantza egiteko aukera eukitzea". 17:00etatik aurrera herrian zehar ibiliko dira, eta 18:30ean Arma Plazan egingo dute dantza agerraldia.