Irungo Udalak kultura eta arte garaikidea sustatu nahian proposatzen duen Kontenporanea-ren edizio berri bat antolatu du heldu den astebururako. ANTespacio kolektiboaren baitan partehartzen duten tokiko artista eta sortzaileek osatutako egitaraua hiru egunez luzatuko da, maiatzaren 20tik 22ra San Juan plazan.
Aurtengoan, artea, diseinua eta kulturaren arloan trebatutako gazteek antolatuta, ANTespacio kolektiboko ordezkariak azaldu digunez, 'Ekosistema Enpatikoak' izango ditu ardatz nagusi: "plaza topaleku atsegin bilakatu eta emozioek, oroitzapenek eta oroimen partekatuek arte sorkuntzan hartzen duten garrantzia nabarmendu nahi dugu", dio.
Arte garaikidearen bitartez, laborategi baten antzeko topaketa bat proposatzen dute aurten, bisitariak ikusle pasibo izatetik, artelanen parte izan eta ekarpenak egiteraino. "Esperientziak partekatu, sentimenduak eta gogoetak sorrarazi, eta zenbait ekintza artistikoetan ekarpenak ere egiteko aukera izango da", argitu dute.
Hiru egunez, 30 bat sortzaile
Egitaraua ostiralean hasiko da arratsaldeko 18:00etan eta igandean 10:30etatik 15:00etara antolatu duten Arte Merkatuarekin borobilduko dute. Orotara 30 bat artista, sortzaile eta kolektibok parte hartuko dute, erakusketan (Belgika, Argentina, Espainia eta Euskal Herriko 8 artisten lanak), arte merkatuan zein proposatutako tailer eta performance desberdinetan. Haien artean, eskualdekoak ditugun Iraitz Arabolaza, Miriam Loidi artistak edota Garabateando Bidasoako lagunak ere.
Haurrentzako fanzine tailerra, bertsolaritzan oinarritutako "Oholtza" perfomancea, Beñat Krolem eta Jon Martinekin, Izaro Ieregik proposatutako gogoeta poetikoa edota liburuetatik sortzen diren landareek xuxurlatuko dituzten mezuetan oinarritutako Saio Olmoren "Etorkizuna Xuxurlatzen" ekimen partehartzailea izango dira besteak beste asteburuan zehar.
Hau guztia ezagutzeko eta ulertzeko, bisita gidatuak eskainiko ditu Jone Pujanak arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Topalekuan ez ezik, hiriko bost komertzioetara ere. Izan ere, merkatariekin indarrak batu dituzte, hauek ere artean parte har dezaten. Eta Miguel Cordero, Maite Pino, IbanGomez, Veronica Domingo eta Mawatres, ArtoTekaren lanak ikusgai izango dituzte, eta nahi duen orok 3 hilabeteko mailegua eskatzeko aukera emango dituzte.