Biriatuko Ikastolak punta-puntako bertso saioa antolatu du, txikitasunetik handi amesten jarraitzeko

Antxeta Irratia 2022ko mai. 11a, 00:00

15 familik osatzen dute Biriatuko Ikastolaren eskola komunitatea, eta lan handiak hartzen dituzte proiektua aitzinatzeko alor guzietan. Baina haien txikitasunetik ("ttipiak amets handi" lema dute euren ikur) Biriatu euskalduntzeko helburuarekin tematu ziren iada duela zazpi urte. Hiru familiatako 5 ikaslerekin hasi ziren orduan Hendaiako Gure Ikastolarekin partaidetzan, eta Biriatuko herriko etxearen laguntza handirik gabe. Baina ibilbide labur honetan 21 ikasle izatera iragan dira, eta ikastolaren egoitza ttipi geratu zaie. Hirierdian dagoen Frantxa-Baita etxean baitaude hastapenetik, eta hau ezin da handitu.

Brais Perez gurasoak aipatu digunez, herriko etxean egun den gobernu berriarekin harremanetan dira, eta egoitza berri bat atxemaiteko lanetan ari dira. Baina begiz jota duten egoitza ikastola bilakatzeko obra handiak egin beharko dira, eta pandemia denboran ikastola sustengatzeko ekintza gutti egin ondoan, aurrekoetan antolatu ohi izan duten goi mailako bertso saioa berreskuratu dute, dirua bildu eta Biriatuko herrian euskara hutsezko eskaintza kulturala aberasten jarraitzeko.

Maiatzaren 14an, arratsaldeko 17:30etan, Biriatuko plazan (eguraldia ona bada edo elizan euria egiten badu) Euskal Herriko bost bertsolari ezagun gonbidatu dituzte taulagainera: Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Amets Arzallus, Maialen Arzalluz eta Nerea Ibarzabal.

Txartelak 10 eurotan eskura daitezke bertan edo Biriatuko Ikastolarekin harremanetan sartuz biriatukoikastola@gmail.com Haurrak kitorik sar daitezke. Saioaren ondotik, pintxoak eta zintzurbustitze animatua proposatuko dute ikastolako gurasoek prestatua.

Brais Perez, Biriatuko Ikastolako gurasoarekin mintzatu gira.