Hendaiako Irandatz Kolegioko gurasoak sinadurak biltzen aritu dira goiz honetan euren seme-alaben kolegioaren aitzinean. 300 sinadura inguru bildu dituzte dagoeneko aurrez-aurre eta internet bidezkoan. Eta Akademia Ikuskaritzari irakasle postu gehiago eskatuko dizkiote bihar Pauen hitzartua duten bilkuran.
Mugako herria izanki, kulturaniztasun aberatsa badu ere, kolegioko 600 ikasleen %66ak ez du frantsesa menperatzen, eta horrek zailtasunak eragiten ditu eguneroko eskola dinamikan ez ezik, emaitza akademikoetan ere. Hiru urte daramatzate gurasoek irakasle eta laguntzaile postu gehiago aldarrikatzen. Baina ez da aldaketarik eman, eta une honetan 28-30 ikasle daude ikasgela bakotsean, behar berezietako haurrez gain, hizkuntza gaitasun arazoek eguneroko klaseen dinamikan ez ezik, ikasleen emaitza akademikoetan ere eragiten ari delarik. Izan ere, iaz %13ak ez zuen Brebeta gainditu, eta eskualdeko notarik apalenetakoak dituen kolegioa da Irandatzekoa gaur egun.
Bestalde, behar bereziak dituzten haurren integrazioa ere galdegiten dute. Haien ustetan ez dituztelako haien beharrak aintzat hartzen. Peio Dufau, 6. hautesbarrutiko hauteskunde legegileetarako EHBaiko hautagaia ere bertan izan da gurasoak sustengatzeko. "Maleruski, hezkunde ministeritzaren politika hori da gaur egun, ahalak guttitu eta zerbitzu publiko guztiekin bezala irakaskuntzan ere berdin, baina gure haurrak dira lehentasuna eta ahalak eman behar dira mahaingainean, ongi ikas dezaten", aldarrikatu du. Integrazio gehiago aldarrikatu dute gurasoek euren afitxetan.