Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan, 192 ekarpen jaso dituzte Hondarribian horretarako jarritako 'kapsulan'. Hauek aztertu dituzte Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta Markel Olano diputatu nagusiak gaur udaletxean egindako bileran. Herrian zehar ere bisita egin dute aldundiak Hondarribian martxan dituen, eta Hondarribiko Udalarekin lankidetzan garatuko dituen proiektuak partekatzeko. Herritarrek adierazitako kezka nagusiak gazteriaren arazoei eta azpiegiturei buruzkoak izan direla aitortu du Markel Olano diputatu nagusiak. Bere esanetan, "lagin bat besterik ez bada ere, aldaketak egiteko baliagarria da". Izan ere, Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren helburua entzuketa aktiboa eta gobernantza eredu berrietan sakontzea izanik, Gipuzkoako 21 udalerritan eta 4 unibertsitatetatik iragan da ekimena dagoeneko, 3.000 ekarpen baino gehiago jasoaz.
Olanok argitu duenez, "gobernantza berria konfiantzan eta elkarlanean oinarritzen da, eta Gipuzkoako herri guztiekin konfiantzazko harreman estua bilatu nahi dugu, erakundeen artean eta herritarrekin ere". Zentzu horretan, urtero antolatzen dituen milioi euroko aurrekontu partehartzaileetan bezala, herritarren entzuketa aktiboa "ezinbestekotzat" jotzen du Olanok, eta Gipuzkoan eraldaketa emango bada, herritarren beharrak eta kezka nagusiak aintzat hartuz egingo da.
Hondarribiko garrantzizko proiektuak
Hondarribiko alkatearekin bileran, HAPO berriaren osaketak baldintzatuko duen herriko etxebizitzen garapenaz eta izan daiteekeen demografiaren bilakaeraz mintzatu direla nabarmendu du Txomin Sagarzazuk ere. "Hondarribiari begira garrantzizkoak diren proiektuetaz eta azpiegituretaz aritu gara", argitu du. Eta zehazki, turismoaren eta etxebizitza turistikoen ondorioetaz, baita gazteen beharretaz ere. Eta jarduera ekonomikoari buruz, Zubietako Parke Teknologikoari buruz ere elkarrekin egingo duten lanaz, "gure herriari ekarriko dion mesedeaz, zerbitzu herri garen heinean, dibertsifikazioa behar-beharrezkoa dugulako berrikuntzaren alorrean" nabarmendu du alkateak.
Une honetan martxan diren zenbait obra proiektu ere izan dituzte hizpide, Baserritar Etorbidekoak edota Kai Berrian aldaketa klimatikoaren uholde ondorioei aurregiteko sendotze lanetaz ere.