Hondarribiko Udalak urtero milioi euro inguru udal bulego eta eskoletako garbiketara bideratzen badu ere, "ezinbesteko langileak" izanagatik ere, kanpoko enpresa bati esleitzen dio zerbitzua. Beste hainbat oinarrizko zerbitzurekin berdin jokatzen duela salatzen du Abotsanitz udal taldeak. Eta logikoena udal langileak diren heinean, administrazio publikoko babes eta exijentziarekin langile publiko gisa udalak berak kudeatzea litzateke haien ustetan. Honek arazo asko sahiesteaz gain, langile hauek bizi duten lan prekarietatearekin amaitzeko bide azkarrena bailitzake.
Egungo hogei bat garbitzaileak udazkenaz geroztik mobilizazioetan dira (maiatzak 4an eta 5ean greba eguna deitu du ELA sindikatuak Hondarribian haientzat), izan ere, 2011az geroztik Lan Hitzarmena berritu gabe dute, eta langile askok lan kontratu partzialak dituzte. Baina hilabeteotan eramandako negoziazio mahaian lan baldintzak hobetzeko ardura Udalarena dela dio enpresak, eta Udalak enpresari egozten dio eskumena. "Ardurak batzuk besteei aurpegiratzeaz haratago, hemen dagoen arazoa oinarrian dago, ikastetxeak, udal bulegoak, Kasino Zaharra, liburutegiaren garbiketa ezinbestekoa da hauek zerbitzu publiko gisa egunero ateak zabaldu ditzaten", dio Enparanek, "beraz, halako arazoak sahiesteko udalak kudeatu beharko luke".
Udalak zerbitzuen kontratazio kanpoko enpresei esleitzearen politika sistematizatu egin dela salatzen du Abotsanitzek, eta oinarrizkoak diren zerbitzuetan ez da onargarria haien ustetan.
Lan baldintzak hobetzeko mozioa atzera
Joan den osteguneko udalbatzan, udal garbitzaile azpikontratatuen lan baldintzak hobetzeko eskaera mozioa aurkeztu zuen oposizioko udal talde nagusiak, baina udal gobernuan den EAJk gehiengoa baliatu zuen hau ez onartzeko. Abotsanitzek argi du une honetan kontratu bat indarrean dagoela, eta beraz, une honetan azpikontratazio eredua aldatu ezinikan, onartutako kontratuaren plieguak errespetatuaraztea gobernuaren ardura dela. "Azken batean, enpresa pribatu batek du zerbitzua ematen, eta etekin ekonomiko bat lortzeko helburua duen heinean, kaltetuak beti langileak izan ohi dira", kexu da Enparan.
Aipatutako greba egunak bere horretan mantentzen ditu ELA sindikatuko langileen komiteak, eta ostegunero Panpinot kaleko udal bulegoan aurrean elgarretaratzen jarraituko dute 11:15etik 11:45era.