Gerlatik ihesean hilabete honetan zehar Hendaiara heldu izan diren 240 ukrainar errefuxiatuetatik 53 bertan geratuko dira bizitzen bolada baterako. Orotara 16 familia dira, eta haien artean 21 haur eta gazte. Horiek hala, haiei ongi etorria, eta harrera familia gisa euren burua eskaini duten bolondresei esker ona eman nahi izan die Hendaiako herriko etxeak atzokoan.
Richard Irazusta auzapezordeak aipatu digunez, gerla hasi eta lehen egunetan jasotako errefuxiatu kopuruak nabarmen apaldu dira azken bi asteotan. Halere, herriko etxeak aterpe eta harrera dispositiboa martxan du, eta aktibatu zuenetik, 173 lagunek lo egin dute Beltzeniako Dojoan egokitu duten aterpetxean.
Herriko etxean oso eskertuak daude hendaiarrek agertutako elkartasun uholdearekin. Izan ere, hamarnaka hendaiar hurbildu dira beren bigarren etxebizitza hutsen giltzak entregatzera, eta "laguntza txikienetik handienera" laguntza emaria etengabea izan dela nabarmendu du Irazustak. "Dirua, janaria, frantses klaseak emateko prest direnak, kroisantak gosatlzeko ematen dituen okina edota garbitzeko serbilletak (toallak) behar ziren egun batean ere, 100 jaso genituen goizetik arratsera", oroitarazten du.
Bestalde, errefuxiatuak euren etxeetan jaso dituzten familiek izango dituzten gastu gehigarriak kontuan hartuta, elikagaiak erosteko dirulaguntzak ere eskaini dizkie herriko etxeak.
Richard Irazusta, Hendaiako auzapezordearekin mintzatu gira.