Negoziazioak blokeatuak daudenez Hondarribiko udal-bulego eta eskoletako garbitzaileak grebara doaz

Antxeta Irratia 2022ko api. 6a, 00:00

Abenduan mobilizatu eta gero, Lan Hitzarmenaren negoziazioak blokeatuta jarraitzen dutela salatu du ELA sindikatuak. Urtarrilaren 2an egindako bileran iada, Hondarribiko udaleko garbiketa zerbitzua esleitua duen ISS enpresak haien eskaerei ezezko borobila eman zien. Eta martxoaren 30ean egindako azkenekoan aldaketarik ez dela eman ikusirik, grebara jotzea erabaki dute.

Xabier Etxaniz, ELAko ordezkariak Antxeta Irratian azaldu duenez, "zerbitzua azpikontratatua duen Hondarribiko Udalaren erantzuna beti izan da enpresarekin konpondu beharreko arazoa dela, baina guk ulertzen dugu negoziaketa hiruen artekoa behar duela". Diotenez, aste honetan udal ordezkariekin bildu dira eta "notak hartu dituzte", baina negoziazioa blokeatua jarraitzen du hastapeneko puntuan. Izan ere 2011az geroztik berritu gabeko lan hitzarmenarekin batera, maskulinizatutako herriko kale garbitzaileen sektorearekin alderatuta, emakumeak gehiengo diren bulego eta eskoletakoek %15 gutxiagoko soldata jasotzen dute. Eta soldata arrakalarekin ez ezik, lanaldi partzialekin amaitzea ere eskatzen dute.

Zerbitzua azpikontratatzearen erabakia udalarena izaki, eurek ere udaletxeko langileak direla aldarrikatzen dute. "Zenbait garbitzaileen kasuan 20 eta 25 urteko aitzinatasuna dute ideia baten egiteko", argitzen du Etxanizek. Hortaz, apirilaren 29an, eta maiatzaren 4 eta 5ean greba egiteaz gain, ostegunero mobilizatuko dira Alde Zaharreko Panpinot kalean, udal bulegoen aurrean 11:15etik 11:45era. Eta apirilaren 10ean, igande honetan, kontzentrazio zaratatsua egingo dute San Pedro kalean, 12:30etan.