Azken urteotan Santiago kalearen amaieran, Madalen karrikako plazatxoan elkartzen diren gazteen eta auzokideen artean bizikidetza arazoa areagotzen joan da. Abotsanitzeko Igor Enparanek nabarmendu duenez, "Hondarribiko Udalak ez du asmatu edo ez du nahikoa lan egin egoera hau bideratzeko". Diotenez, udalak kezka azaldu izan du egoeraren aurrean baina konponbidea bilatzeko "ezer gutxi" egin da. "Kartel batzuk ipini dituzte zenbait debekuekin eta noiz edo noiz bizilagunak eskatuta Udaltzaingoa bidali dute", dio Enparanek.
Baina egoera jasanezina bilakatu den heinean, egoera bortitzak ere eman dira azken aldian, eta gainditu ezin daitezkeen zenbait marra gorri gainditu egin dituzte batzuk eta besteek. Hortaz, hilabeteotan aterabideak bilatzeko lanean jarri da oposiozioko udal talde nagusia, elkarrizketaren bidez. "Denak dira egoeragatik kexu, eta bizilagunen eta gazteen artean udalak aintzat hartzen ez dituenaren sentimendua zabalduta dago" gaineratu du Abotsanitzeko bozeramaileak.
Denen eskubideak bermatuko dituen bizikidetza
Kontuan hartuta, udaberriarekin eguraldia lagun plazan gazte gehiago biltzeko joera areagotu egingo dela, aterabideak lehenbailehen bilatzeko galdegin dio Abotsanitzek udal gobernuari. Enparanek dioenez, "arazoaren iturria bizilagunen atseden eta intimitaterako eskubidearen eta Hondarribiko gazte kuadrilek eremu publikoan elkartu eta aisialdirako duten eskubidearen arteko talkan datza, eta biak izanik oinarrizko eskubideak, egoera bideratzeko elkar ezagutza eta nork bere egoeraz jabetu beharra dago".
Helburu horrekin, Abotsanitzek proposamen bat helarazi dio udal gobernuari bizikidetzaren aldeko politika publikoak sakondu asmoz. Eragileekin lantzeko departamentu arteko lanketari bizilagunen eta gazteen konplizitatea sortzea baliatuko luken metodologia proposatzen dute, Prebentzio Komunitarioko udal teknikarien eta behar haina departamenduen arteko lanketa egin dezaten.