22. Korrika goizeko ordu txikitan datorrenez eskualdera, Hendaian eta Irunen bezala, Hondarribian ere egun osoko egitaraua prestatu dute motorrak berotu eta gogoa pizteko ez ezik, bernadu arte esna mantentzeko. Blagan euskara taldeak AEKren eta Hondarribiko Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin Korrika Jaia prestatu dute bi ataletan. Estitxu Arretxe, Blagan elkarteko kideak azaldu digunez, goiz eta arratsaldez Arrantzale Auzoan (Itxaropena eta Gran Sol arteko plazatxoan) haur eta nerabeentzako jarduerak izango dira. Goizeko 11:00etatik aurrera haur jolasak, eta 17:00etatik aurrera koxkorragoentzat gynkana.
Iluntzean, aldiz, eta berandu arte bina kontzertu eta paellada herrikoia egingo dute Zumardiaren atzealdeko aparkalekuan. 19:00etan Marmokaren kontzertuarekin hasiko dira eta afalondoan Skubi taldearen emanaldia luzatuko dute 01:30etan Korrika Kostako bide zaharretik Alde Zaharrera sartuko dela jakinik. Arretxek aipatu digunez, jarduera guztiak herriko eragile eta elkarteek antolatuko dituzte, bertako herritarrentzat.
Afaria 120 lagunentzako da, eta txartelak apirilak 7 arte eskura daitezke 10 eurotan Itxolan, Txantxagorri eta Basque tabernetan.