Uztailaren 2an, Bidasoaldeko mendiak Piriniotako Bidearen (Via Pirinenca) abiapuntu izango dira. Gure Eskuk 300 gailurretik gora argiztatzeko erronka markatu du, eta horietarik 115 Euskal Herriari dagokzio. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dute Higer lurmuturretik Cap de Creuseraino, gure herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko eta burujabetzaren aldarriarekin herri gogoa pizteko. Ekimen historikoa oroimenean iraun dezan, ehunka lagun mobilizatu nahi dituzte Behe Bidasoa eskualdean ere.
Irungo Gure Eskuk bertako proposamena aurkeztu du Palmera Montero gunean. Izan ere, Jaizkibel, Erlaitz, Aiako Harria, Xoldokogaina eta Larhungo gailurrak argiztatu beharko ditugu bidasotarrok. Eta irundarrei dagokienez, mendi elkarteen eta adituen eskutik Aiako Harria, eta gainerakoek Erlaitz eta Biriatuko Xoldokogaina (Lapurdiko bizilagunekin batera). Jaizkibel mendiaren kasuan hondarribitarrek, Lezo, Pasaia eta Donostiako partaideekin batera mendi-lerro osoa argizatzeko helburua izango dute.
Topaketa hirigunean ere
Mendietara joan gabe ere, era batera ala bestera, erronka kolektibo erraldoi honen parte izango diren herritarrek ere izena eman dezakete www.gureesku.eus-en, euren herria hautatuz. Izan ere, 2018ko Irungo herri galdeketa antolatzeko sortu izan zuten Hartu Hitza plataformaren ikur izan zen Oxinbiribil-Santiago bidegorriko laiaren eskulturan, topaketa besta sinbolikoa antolatuko dute mendietara igo ezin dutenentzako. Bertatik uztailaren 2an argiztatuko dituzten eskualdeko gailur guztiak ikusi ahal izango baitira.
Izena emateko epea zabalik dago dagoeneko www.gureesku.eus webgunean. 10 euro ordaindu beharko dituzte 21 urtez gorako guztiek (horietatik 5 euro mendi-asegururako). Gogoan hartu gailur berdeak eta gorriak bereizi dituztela. Berdeak gehienentzat irisgarriak dira, Jaizkibel, Erlaitz edota Xoldokogaina. Eta gorri (zailtasun handiagokoak) gehienak Erdialdeko Pirinioan daude, eta mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak. Gurean Aiako Harrikoa izango da, baina Irungo Mendizaleak elkarteko kideek bermatuko dute.
Ander Errazkin, Irungo Gure Eskuko kideak eman dizkigu xehetasunak Irungo aurkezpenean.