Gaur sartu da indarrean Espainiako gobernuak gasolindegiekin negoziatu duen erregaien 20 xentimoko merketzea. Kontsumitzaile guztiei aplikatu zaie beherapena, betiere, gasolindegiko panoan markatuko duen prezioari ordaintzerako garaian aplikatuz. Halere, erregaia eguneroko ogia duten profesionalak ez dira fido. Garraiolariek gasolio profesionala baliatzen duten bitartean, eta hiru asteko greba mugimenduak bertan behera uztea erabaki duten bitartean, taxistek aldiz «eskuak lotuak» dituztela kexu da Koldo Susperregi, Pasaian ari den taxista irundarra.
Zerbitzua eskaintzeko lizentziagatik dirutza ordaindu ondotik, taxista orok bere udalak markatutako tarifekin autonomo gisa lan egiten duela nabarmentzen du, eta beraz, erregaien garestitzea euren patrikatik ordaintzen dute osoki. «Pandemia garaian geldirik egon gara, lanera baino etxetik ateratzeagatik aritzen ginen, eta orain erregaien prezioa azken kolpea da», dio. Izan ere, pandemia bete-betean erregaia euro bat baino merkeago ordaindu izan dela oroitarazten du, eta orain 1,80/1,90 euro artean dagoenez, 20 xentimoko merketzeak ez du ezertarako balio bere ustetan. «Zein prezioetan egingo dute deskontua? Eta merketu baino lehen gehiago garestituko al dute?», galdetzen du Susperregik «leheno lana zegoenean 10 ordutan egiten genuen kaja lortzeko, orain 17 ordu egin behar ditugu taxian».
Eskualdeko taxista guztiak eguneroko lana dute gasolindegirik merkeena eta prezioen gorabeherak aztertzea xentimoak aurrezteko. Eta gasoilaren garestitzea ez ezik, taxiek kontrol zorrotzak pasa behar dituzte aldirika suposatzen duten gastuarekin. Taximetroa prezintatua dutela dio, eta udalak tarifak aldatzen dituen bakoitzean 84 euro ordaindu behar dute tekniko batek hau egokitzeko. «Halere, azken bi urteotan tarifak aldatu gabe egon eta gero, orain xentimo batzuk besterik ez dituzte hobetu».
Koldo Susperregi, taxista irundarrarekin mintzatu gara.