Pandemiaren murrizketak atzean utzita, 320 plaza eskainiko ditu Udalak aurtengo udaleku irekietan

Antxeta Irratia 2022ko mar. 30a, 00:00

Hondarribiko Udalak apirilaren 4an zabalduko du udaleku irekietan izena emateko epea. Hilabete bukaeran zozketa egingo dute. Baina aurten pandemiaren murrizketak atzean utzita ohiko plaza kopuruetara itzuliko da eskaintza. Guztira 320 hondarribiar haur eta gaztek izango dute parte hartzeko aukera.

Gazteria departamentuak antolatuta, aurtengo uztailean Uda Jolas eta Uda Abenturan bueltan izango ditugu. Izenemateak apirilaren 4tik 10era egin beharko dira.

Maria Serranok, Gazteria zinegotziak azaldu digunez, Uda Jolas programaren kasuan, 220 plaza izango dira aukeran 5 eta 11 urte bitartekoentzat, eta txanda bakarra izango da, uztailaren 4tik 29ra 9:30etatik 13:30eta. Aurten familien eskaerari egokitzeko ordu erdiz luzatu dute eguerdian. Talaia Bordari LH zentroan egingo dira, nahiz eta kanpoan jarduera anitz egingo dituzten.

Bestalde, 12 eta 14 urteko gazteei zuzendutako Uda Abenturaren kasuan, 50 plazako bi txanda antolatuko dituzte, (uztailaren 1etik 14ra eta 15etik 29ra) goiz eta arratsaldeko jarduerak proposatuz.

Aurtengoan gainera, izen-ematea online egin daiteke osoki, hondarribia.eus Udalaren webgunean. Bertan topatuko dituzue xehetasun guziak.