Igande gauerditik aurrera garraiolariek planto egiteko arrazoi aski dituztela dio Oxan Altunak, Hiru sindikatuko ordezkariak. Erregaien etengabeko gorakadak garraiolariak gelditzeko zorian jarri ditu. Eta Behe Bidasoa eskualdean, Irungo Zaisan eta Hendaiako Intzura industrigunean, pisu handia duen sektore ekonomikoa izanik, espainiar estatu mailan Plataforma Defensa Sector del Transporte antolakundeak martxoaren 14tik aurrera deitu duen greba mugagabea dute egunotan eztabaidagai.
HIRU garraiolarien sindikatuko zenbait kide martxoaren 5ean Madrilen egindako asanbladan parte hartu zuten. Eta martxoaren 12an Altsasun egingo du euskal garraiolarien sindikatuak ez ohiko batzarra. Bertan erabakiko dute greba mugagabearekin bat egin ala ez. Baina Altunak ohartarazi duenez, "garraiolariak nahiko bero daude, gasoila okinaren hirina bezalako baita haientzako, eta prezio hauekin dirua galtzen dute". Horiek hala, Euskal Herriko HIRU garraiolarien sindikatuak argi du, sektoreak nahiago duela etxean geratu, lan egin eta dirua galdu baino.