Otsailaren 19an Irungo karriketan milaka lagun bildu zituen manifestazioak ez du Eusko Jaurlaritzaren erantzunik jaso. Eta Iñigo Urkullu lehendakaria gaur Irunen bisitan zegoela probestu du Osasun Bidasoa Plataformak beren aldarrikapenak aditzera emateko. Migrazio eta errefuxiatu harrera politikak aztertzeko Gordailu zentroan egin beharreko Erakundeen Arteko Mahaiaren bilerara sartu aitzinetik, Urkullu lehendakariari ongi etorria egin diote atarian jota bat abestuz, eta ospitaleko eraberrritze lanak gelditzeko eta 100.000 bidasotarren kezkak entzun ditzan eskatzeko.
Lehendakaria haien aurrean paratu da une batez, eta berehala sartu da bileran plataformako kideekin hitzegiteko betarik eman gabe. Plataformakide batek esan digunez, "esperantzarik ez dugu hitzegiteko, baina kasurik egiten ez digutenez, entzun dezala gutxienez". Kezkaturik azaldu dira, jakinik, ospitaleko berritze lanak maiatzaren 2an hasiko direla. Eta Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak ez dutela hasierako plangintza ezertan moldatzeko asmorik agertu.