Emakumeen Etxearen zutabe sendoak ezarri dituzte Irun feminista bat lortzeko

Antxeta Irratia 2022ko mar. 11a, 00:00

Istillaga plazan atonduko duten Emakumeen Etxearen zutabeak ahal bezain sendoak izan daitezen, prozesu partehartzaile zabala antolatu du Irungo Udalak. 2020ko azaroan hasi zen pandemia betean, eta orduz geroztik hiru saio online eta aurrez-aurreko lau egin dituzte. Hileroko bigarren larunbatetan biltzen dira 40 bat emakume eta elkarte feministetako ordezkariak, teknikari eta udal ordezkariekin. Eta dagoeneko etxearen helburuak ez ezik, honen kudeaketa eredua, zein erabilera izango dituen eta horren araberako ekipamendua ere adostu ahal izan dute.

Miren Etxebeste, Berdintasun arloko zinegotziak iragarri duenez, "malgutasun eta irekitasun printzipioek bideratuko dute Emakumeen Etxearen eguneroko funtzionamendua". Izan ere, Irun feminista bat lortzeko ezinbesteko tresna izango da etorkizunean, eta erabiltzaileak "emakumeak, adiera zabalean izango dira, euren izaera, jatorria, orientazioa eta ideologia direnak direla".

Proiektua aski osatua duten heinean, “udaleko talde politikoak prozesuaren emaitzak aztertzera esertzeko eta Irungo Emakumeen Etxeak behar bezala funtzionatzeko beharrezkoa duen babes guztia duela bermatzeko urratsak emateko garaia da”, bere ustetan.

Larunbata honetan saio berri bat dute, eta beste hiru bilkura egingo dituzte oraindik. Baina prozesua bere azken txanpan sartua da. Eta etxearen proiektua osatzen duten oinarrizko planoak zehazten ari dira ere. 280 metro koadro izango ditu, eta prozesuan adostu dutenez, zerbitzuak, erakusketak, tailerrak, hitzaldiak, bilerak, eztabaidak jasotzeko gune balioanitzak beharko ditu.

Bestalde, zehaztu duten beste gai bat izan da, proiektuari bizia emango dioten jarduerak eta lantalde iraunkorrak dira. "Ahalduntze Eskolarako tailerrak eta espazioak izango ditu, autolaguntza, ahalduntzeko taldeak eta aktibismoaren erreferentzia izango da, eta gener indarkeriaren biktimentzako zein emakume guztientzako aholkularitza zerbitzu bat izango du teknikari profesionalekin ere. "Emakumeen berbiktimizaziorik gabeko gunea izango da, laguntza psikologikoa, juridikoa edota afektibo sexuala eskaintzen duena", argitu du Etxebestek.

Oraindik ere Emakumeen Etxea kudeatzeko organoak, estatutuak, ordutegi eta arauak edota etxearen izendatzea bera adostu beharko dute. Baina 2023rako martxan egon dadin plangintza markatua dute.

 

Erlazionatuak