Literatura eta euskara ardatz, Kulturakada saioa antolatu du Ziztakak San Juan plazan

Antxeta Irratia 2022ko mar. 11a, 00:00

Joan den astean IV. Foroan euskalgintzako eragileekin zertan diren eztabaidatu ondotik, eta Kafe Antzokiaren proiektua udal agintariekin orrazten jarraitzeko hirugarren harreman biran ari diren bitartean, Ziztaka kolektiboak Kulturakada saio berri bat antolatu du. Larunbata honetan, eguerditan, Irungo San Juan plazan adin guzientzako literaturari lotutako proposamenak izango dira. Haurrentzako ipuin kontalarietatik hasi, komikigintza edota Itxaro Bordaren hitzaldia ere. Gainera, I. Ziztaka Literatur Lehiaketa aurkeztuko dute. 

Kultura eta euskara plazara ateratzeko helburuarekin lau Kulturakada antolatuko dituzte guztira. Otsailan arte plastikoan ari diren tokiko bost sortzailerekin erakusketa ibiltaria antolatu eta asteburu hontakoaren ondotik, apirilaren 9an Korrikak eskualdea zeharkatuko duela probestuta, bertsolaritza landuko dute jaialdi amankomun bat antolatuz. Eta maiatzan antzerkia izango dute ardatz zikloa borobiltzeko.

Halere, hau Ziztakak kultura eta euskararen eskutik Irunen eragin nahi duen iraultzaren abiapuntua besterik ez da. Kafe Antzokiaren proiektuak oraindik ez baitu espazio fisikorik ere, baina udal talde politikoen begirunea lortu duen heinean, berandu baino lehen errealitate bilakatzeko itxaropena dute.