Ficobak eskualdean 23,5 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan zuen iaz

Antxeta Irratia 2022ko mar. 9a, 00:00

Ficoba erakustazokak pandemia garaiko zenbaki gorriak atzean utzi ditu, eta %19 gehiago irabazi zuen iaz. 2021eko bilana plazaratu berri dute, eta Ander Sarratea kudeatzaileak aitortu duenez, 2020ean azokek jasandako bortxazko geldialdiaren ondotik, "ez da 2019ko datuetara itzuli ahal izan bisitari kopuruetan, baina jarduera berreskuratu egin du erakustazokak". Izan ere, 84.000 bisitarirekin pandemia aurreko datuetatik urrun dabil oraindik, baina iaz urteko 273 egunetan zabalik egon da Ficoba. Aldiz, 2019an jarduera bakotsan batezbestean 1.090 bisitari jaso zituen bitartean, murrizketa neurriak izan direla medio 320 lagun bildu dituzte iaz.

Hala eta guztiz ere, Ficobaren eragin ekonomikoa 23,5 milioi eurokoa izan da eskualdean. Enpresa bilera anitz ere antolatu baitituzte. Hauek azoka handietan bezala, hoteletan, jatetxeetan eta bestelako zerbitzuetan eragina du. "Ficobako jarduera eta azokak icebergaren tontorra besterik ez dira", segurtatzen du Sarrateak, "azoka erakuslehio bakoitzean hiruzpalau langile egon daitezke, baina montaketa, garraioa, marketinga eta partehartzaile zein bisitarien kontsumoa inguruan ekonomia suspertzeko balio du".

Jarduera berriak

Nolanahi ere, jarduera iturri berriak lortu dituzte. Selektibitateaz gain, euskal erakundeetako Lan Eskaintza Publikorako azterketa gune bilakatu baita Gipuzkoa mailan. Arlo honetan nabarmentzekoak dira LEPak (Lan Eskaintza Publikoak), EBAU (lehengo selektibitatea), HABE eta aisialdirako ontzien ohiko azterketak. "Pandemia aurretik ere hasi ginen honekin, baina pandemiarekin espazio zabalagoak behar ziren, eta Gipuzkoa osoan ez dago Ficoba bezalako instalaziorik halako azterketa handiak jasotzeko", dio Sarrateak. 2022an eta aurrerantzean ere honetan sakontzeko helburua dute.

Bestalde, ohiko 10 azoka handi antolatu ahal izan dituzte. Eta 2022rako hauek atxikitzeaz gain eskaintza berriak izango dira. Apirileko lehen asteburuan, urrutira joan gabe, sektore nautikoaren A Babor azoka antolatu baitute estreinkotz.

 

Erlazionatuak