Kalez kale, pertsonentzako herri jasangarriagoa lortzeko eraldaketa martxan dute Hondarribian

Antxeta Irratia 2022ko mar. 8a, 00:00

Herrian mugitzeko ohiturak eraldatzeko helburua duen 'Kalez Kale Hondarribia Hobetzen' proiektuaren helburuak azaldu dizkigute Gonzalo Carrión 'Txalo'k, Obretako ordezkariak eta Kalixa Silanesek, Ingurumen eta Mugikortasun zinegotziak. Asmo handiko proiektua dela nabarmendu dute.

Izan ere, Silanesek argitu duenez, "Mugikortasun Plana aintzat hartuta, 2030 Agendan ezarritako helburuak txertatzen dituen proiektu integrala da, hiriko eremu eta auzoen arteko oreka bilatuz". Hirigintza arloan agintaldiko erronka handienetakoa da. Ez baita axaleko berritze lana soilik egingo. Bide batez, lurrazpiko ur-sanemaendu eta argiteria instalazioak ere berrituko dira. Baina funtsean, herri bizigarriago bat lortzeko helburua du proiektuak.

Fase desberdinetan bost eremu zabaletan banatutako 14 kale zaharberrituko dituzte, eta mugikortasun jasangarriaren irizpideen baitan berpentsatutako hiria lortu nahi du Udalak. 15 hilabeteko epean 3,3 milioi euroko inbertsioa egingo dute horretarako. Donostia kalea, Kosta kalea, Harresilanda kalea, Gibeleta auzoa eta Sabin Arana etorbideak dira bost eremuak. Hala izendatu dituzten arren, ardatz diren kale hauen ingurukoetan ere eskuhartuko dute.

Martxoaren 7an hasi dira Donostia kaleko Soroetagain aldean, eta Kosta kalean. Eta 2023ko aste santurako burutuko dituzte lanak Sabin Arana eta Bidasoa etorbidearen eremuarekin. Obren xehetasun guztiak eman dituzte udal ordezkariek Antxeta Irratian.

Oinezko eta bizikletentzako herria

Nolanahi ere, autoentzako errepideak estutuz espaloiak zabaldu eta bidegorri-sarea osatzeko espazioa irabaziko du herriak. Eta laburbilduta, autoen abiadura moteldu eta oinezko eta bizikletek lehentasuna eukitzeaz gain, praktikan haiei segurtasun handiagoa eman ahal izatea bilatzen dute. "30 abiadura ezarri dugu hainbat lekutan azken urtean, baina ez du ezertarako balio gero kotxeek autopista bat baldin badute", dio Txalo Carrionek.

Hortaz, espaloiak zabaldu eta eremuak oinezkoentzako plataformen bitartez elkartzearekin egonleku berriak sortuko dira herrian, eta eskola bide seguruak ere lortu nahi dituzte. "Harresilandatik hasita eta Soroeta inguru guztian Baserritar etorbideraino, Satarka, Bordari eta Biteri arteko eskola bidea segurua lortuko dugu", dio Obretako ordezkariak. Eskola ardatz nagusiak oinez ala bizikletaz egin ahal izateko ere, Sabin Arana eremuaren kasuan ere, Egiluze ikastetxea eta Ama Guadalupekoarekin berdin egingo dute, bidegorri-tarte berriak eraikiz eta kaleetan integratuz, baita egungoak hobetu eta elkarlotuz ere.

Era berean, Txiplauko industriguneak duen mugimendu handia ikusita, espaloi bat egokituko dute bertan. Eta Sabin Arana etorbidean autobus geltoki berri egokia sortuko dute, garraio publikoari bere lekua emateko.

Proiektua Mugikortasun Mahaiarekin partekatua izan da, eta Kosta auzokoan bezala, herritarren parte-hartze aktiboarekin osatu dela nabarmendu dute. Halere, obrak dirauten bitartean herritar askori enbarazu egingo diela konsziente dira, baina komunikazio kanpaina azkarra eta zuzena egingo du Udalak herritarrak aldaketen jakinaren gainean egon daitezen.