Santiago zubian elkartuko dira Bidasoaz bi aldeko feministak patriarkatua sutara botzeko

Antxeta Irratia 2022ko mar. 4a, 00:00

Bidasoako M8 Asanblada Feministak manifestazio historikoa deitu du Martxoaren 8rako. Hondarribiko M8 plazan bildu dira gaur bertako, Irungo eta Hendaiako elkarte feminista debserdinetako kideak deialdi bateratua egiteko. Milaka lagun biltzea aurreikusten dute, hainbat zutabetan Santiago Zubian elkartuz. Eta ondoren, Avenida Zubian manifestua irakurri eta ekimen sinboliko bat burutuko dute.

Historikoa izango da partehartze kopuruak begiratu gabe. Izan ere, lehendabiziko aldia da Hondarribia, Irun, Hendaia, Biriatu eta Urruña-Pausu batuko direla eskualde mailako mobilizazio honetan. Izan ere, Urruñako herriko etxeko Berdintasun batzordeak ere bat egin du. Eta Hegoaldeko sindikatuek bezala, Iparraldeko LAB, CGT eta Sud sindikatuek ere bat egin dute deialdiarekin.

Manifestazioa Hondarribiko Martxoak 8 plazatxotik abiatuko da 17:00etan. Eta Santiago zubirako bidean Mendeluko Zubimuxu biribilgunean eta Irungo Txanaleta eta Zabaltza plazetan gainerako zutabeak gehitzen joango zaizkie. Santiago Zubian Lapurdiko eragileekin bat egingo du manifestaldia. Hauek beren kabuz, Pausuko plaza berritik partituko dira 17:30etan, eta Hendaiako Errepublika plazatik iragan ondotik mugara joko dute.

Hondarribiko Emeki elkarteak jakitera eman duenez, M8 asanbladak manifestazioko pankartak eta mezuak prestatzeko lanak egingo dituzte goizeko 11:00etatik hasita, abiapuntu den Martxoak 8 plazan bertan.