Diskurtso arrazistak gainditu eta manteroen borrokarekin bat egiteko erosketa kolektiboa antolatu du BDS Koop-ek

Antxeta Irratia 2022ko mar. 4a, 00:00

BDS Koop eraldaketa fabrikak kanpaina anti-arrazista antolatu du eskualdean "legez kanpoko pertsonek ekoitzitako legezko jantziak" erosteko aukera emanez. Ekonomia sozial eta eraldatzailea aldarri dutela, 'top manta' ezizenez ezaguna dugun kaleko saltzaile ibiltarien gaineko mitoak apurtu nahi dituzte. Eta horretarako, Bartzelonako TopManta jantzi marka kooperatiboarekin elkarlanean ari dira.

Gari Garaialdek, BDS Koop-eko kideak azaldu digunez, "kale-saltzaileak aldez aurretik epaituak dira beti, batetik saltzaileek ez dituztelako paper legalak gehienetan, eta bestetik, saltzen dituzten produktuak kopiak eta faltsifikazioak direlakoan jazarpena jasan izan dutelako beti".

Diskurtso arrazistak gaindituz

Estereotipoak apurtu nahian, 2015ean Bartzelonako afrikar jatorriko saltzaile ibiltariek eratutako Saltzaile Ibiltarien Sindikatu Popularraren (Manteros sindikatua) mugimendutik eratorritako marka sortu zuten. "Hasiera batean inguruko hornitzaileei erositako zapatila eta elastikoei marka ezartzen zioten saltzeko, baina gaur egun euren jantziak ekoizten dituzte", argitzen du Garaialdek. Dagoeneko bi tailer dituzte eta 25 lagun baino gehiagori lana eskaintzen diete joskintza eta serigrafia lanetan. Azken batean, "manteroen bizi-baldintzak hobetu eta arrazismoa zein jazarpenaren aurkako borrokarekin jarraitzea" da legez kanpoko jende honek egindako arropa linea honen helburu nagusia.

Mugimendua hedatzen doa, eta Bartzelonako beste erakunde batzuen eskutik, kalez-kaleko salmenta despenalizatzeko lege-proposamena ere aurkeztu dute, eta kaleko saltzaileen errealitatea gizarteratzeko lanean ari dira diskurtso zahar eta arrazistak aldatu nahian.

Hala, BDS Koop-ek ekimen honekin bat egin du. Eta TopManta kooperatiba markako arropak erosteko deialdia luzatu du Bidasoaldean. Eskaerak jasoko dituzte apirilaren 2 arte, eta ondoren erosketa kolektiboa egingo dute maiatzan materiala banatzeko helburuarekin.

Eskaerak www.bdskoop.eus/top-manta-eskaera atarian egin daitezke, eta gehiago jakin edo kuxkuxeatu nahi duenak www.topmanta.store/