Hendaian larunbatean epaituko dute zanpantzar eskualdeko inauteri hilabetea bururatzeko

Antxeta Irratia 2022ko mar. 3a, 00:00

Behe Bidasoa eskualdearen berezitasun askoren artean, inauterien ospakizun datak ditugu. Hilabete oso batean zehar luzatzen baitira beti. Urruñan hasi ziren otsailaren 5ean baserriz-baserri eta Olheta auzoan udaberria esnarazten, eta ondoko aste hondarrean bertako inauteriekin batera Irungo kalderero eta inudeak eta artzaiak prestatu ondotik, Irungo eta Hondarribiko inauteri egun handiak iragan berri ditugu joan den asteburuan.

Aldiz, Hendaia da urtero zanpantzarren auzia azkena ospatzen. Martxoaren 5ean 15:00etan makilaje, mozorro eta atelier zenbaitzuk antolatu dituzte Gaztelu aretoaren esplanadan. Eta 16:00etan elkartuko dira antolakuntzan parte hartzen duten Akelarre, Mutxiko, Gure Ikastola, Enbata gaztetxea, Lanetik Egina eta Zarpai Banda elkarteak. Aurten, aldiz, ez dute ohiko karroza desfilerik egingo. Hirierdia itxi egingo dute eta bi orenez itzulika ibiliko da talde bakotsa nahi erara ospatuz. 18:00ak aldean zanpantzarren auzia egin eta erre ondotik, Gaztelu aretoan kokatu dute bestagunea. Burrunba Elektrotxaranga (18:30) eta Xistors taldearen kontzertuak (20:00) borobilduko dute eguna.