Igor Enparan: "Lehiaketa ekiditeko kontratuak zatikatzeak ardura politikoa zuritzea eskatzen du, Hondarribiaren izen ona mantentze aldera"

Antxeta Irratia 2022ko mar. 3a, 00:00

Lehiaren Euskal Agintaritzak egindako txostenaren arabera, Hondarribiko Udalak kontratazio txikien erabilera irregularra egin du azken urteotan muntaketa lanak kontratatzeko garaian. Kontratuak lehiaketa publikora atera behar ez izateko, 15.000 euroko langa gainditzea sahiestu eta zatikatzen zirela dio. Horren ondorioz, lehia eraginkorrari eta merkatu libreari ateak itxi eta baldintzak urratu ditu udalak.

Abotsanitzek hainbatetan salatu izan ditu irregulartasunak kontratazioetan. Eta udalbatzan ere galdegin izan dio udal gobernuari hau zuzentzeko. Igor Enparan, Abotsanitzeko bozeramaileak dioenez, "legea urratu egiten dute, eta horrekin edozein enpresak edo autonomok Udalarentzat lan egin ahal izateko aukera ukatzen dute, ez baldin bada udal gobernu taldeak nahi duen enpresa dela".

2,5 milioi euroko fakturazioa

Oposizioko taldeak dioenez, ekitaldien montaketa lanetatik haratago doa kontratazio molde hau. "Sistematikoa da, lan egiteko modu bat", dio Enparanek. Baina Lehiaren Euskal Agentziak bere txostenean adierazi duenez, kontratazio txikien onuradun nagusia Montai taldeko enpresak izan dira. Txostenak dioenez, soilik 2018 eta 2020 urteen artean 293 kontratu txiki izan dira Udalak egindakoak 250.000 euro inguruko balioagatik: Kultur Kirol Zerbitzuak (105), Montai Produkzioak (81), Events Onddar2 (42) eta beste 32, Montajes Mendibil enpresaren izenean.

Baina kontratuen zatikatzea 2009az geroztik eman izan dela baieztatu du Abotsanitzek. "Montai taldeko enpresak 2,5 milioi euro inguru fakturatu dizkiote Udalari", argitzen dute. Eta berdin jarraituko duelakoan daude. "2021 urtetik hona, irregularki egindako ordainketen harira udaleko kontuhartzaileak aurkeztutako erreparo agiriak onartzeko 50 bat dekretu ditugu alkateak sinatuta", kexu da Enparan. Eta orain artean zuzendu ez den egoera denez, 2022an ere berdin jarraituko dutelakoan dago. Bere ustetan, alkateak eta udal gobernu taldeak badakielako hau horrela dela: "Galdera da, zergatik ez dute egoera konpontzen?".

Ardura politikoak zuritzeko eskaera

Abotsanitzen ustetan alderdikerietan ari direlako. Izan ere, txostenak argi adierazten du Montai enpresaren jabea EAJ alderdiko kargudun publiko bat dela. "Lanak zatikatzea ez da zilegia, alderdiko kargu publiko baten enpresari esleitu egin zaizkio lanak, zatikatuta eta lehiaketa publikoen legea urratuz. Non geratzen da kodigo etikoa?", galdetzen du Enparanek.

Urte luzeetan "errepikatu" eta "jakinaren gainean" zuzendu ez den egoera irregularra dela kontuan hartuta, hau berehala zuzendu dezaten eskatu du Abotsanitzek. Baita ardurak zuritzea ere. "Gaia oso larria da, eta Hondarribiaren izen ona mantentze aldera, herritarren eskubideak defendatze aldera ardura poltikoak eskatu behar dira", dio bozeramaleak.