Patriarkatuari "su emateko" xedez kaleak hartuko dituzte M8 historiko batean

Antxeta Irratia 2022ko mar. 3a, 00:00

Bidasoako Asanblada Feministak aurten antolatutako M8ko manifestazioak eskualde osoko eragileak bilduko ditu lehen aldikotz. Hondarribia, Irun, Hendaia, Biriatu eta Urruñako elkarte feministek bat egin dute deialdiarekin. Pandemia hasi aurreko 2020an milaka lagunek Hondarribian bukatutako manifestazioak gainditzeko langa zaila ezarri zuen. Baina oraingoan Hondarribitik (17:30) abiatu eta Irundik Hendaiara joango da. Gainera Biriatu eta Urruñako kolektibo feministek ere bat egin dute lehen aldiz eskualde osoa batu nahian.

Hendaiako Bagera elkarte feministako Itziar Valerak esplikatu dizkigu Hendaian egunotarako antolatu dituzten hitzorduak. Aldarrian, aldiz, ez dago inolako zalantzarik. Argi du: "aurten azpimarratu nahi duguna da kopetaraino gaudela, aski dela, eta sua eman nahi diogula patriarkatuari, jarraitzen dugulako biktimak izaten, egunero erailak izaten". Gainera frantses estatuan %25eko soldata arrakala dagoela oroitarazi du.

Erakusketak, dokumental proiekzioak eta solasaldiak ere antolatu dituzte Hendaian. Euskaraz, aldiz, bi proposamen zehatz. Martxoak 9an (18:30) Gaztelu aretoan Bagera elkartea eta Herriko Etxeko Euskara Zerbitzuaren eskutik, Idurre Eskisabel eta Lorea Dorronsorok euskara eta feminismoaz hitzaldia antolatu dute. Bestalde, Biarte elkarteak antolatuta, Geltoki auzoko Borderline Fabrikan euskal mitologia eta ekofeminismoa ardatz 'Euskal mitologia ekofeminista ote da?' mintzaldia izango da ere Isabel Millet adituarekin.

Urruñan: Daniela Albizu protagonista

Eta Urruñak eta Biriatuk ere M8ko eskualdeko manifestazioarekin bat egingo duten bezala, Urruñan bertan ere hainbat hitzordu antolatu dituzte Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan. Dagoeneko Hendaian aurkeztua izan zen Bask'Elles elkartearen emakume esanguratsu edo entzutetsuei buruzko erakusketa ikusgai duzute Posta gelan. Baina oraingo honetan Daniela Albizu militante feminista urruñarraren figura ekarriko dute gogora ere.

Bestalde, Itsas Mendi zinemagelan bi proiekzio izango dira. Martxoaren 5ean 20:30etan "Les Conquerantes", eta martxoaren 6an igandearekin, 17:30etan "Les joueuses" emakume futbolarien dokumentala.

Martxoaren 8an Bidasoko Asanblada Feministak deitu duen manifestaldiarekin bat egingo dute 17:30etan Pausutik abiatuta, Hondarribitik Hendaiara datorren zutabearekin bat egiteko.

Erlazionatuak