Itxura hartzen doan Kafe Antzokiaren proiektua orrazten jarraitzeko Ziztakaren IV. Foroa ostiralean

Antxeta Irratia 2022ko mar. 2a, 00:00

Irunen euskararen eta kulturaren elkargune izango den Kafe Antzokiaren proiektua zehazten jarraitzeko, Ziztaka kolektiboak bere IV. Foroa deitu du martxoaren 4an 19:00etan Palmera-Montero gunean. Azken hiru urteotan bertan parte hartu duten euskalgintzako 150 bat eragileei eta norbanakoei luzatu diete deia, proiektua zehazteko une garrantzitsu batean aurkitzen direlako.

Izan ere, iaz hiriko auzo elkarteekin eta udal talde politikoekin harreman bira egin eta gero, hirugarrenez bilduko dira alderdi politikoekin. Eta Andoni Eizagirrek, Ziztakako kideak dioenez, "proiektua beharrezkotzat jo duten heinean, eta Udalaren prestutasunari tenperatura hartu eta gero", proposamena zehazteko bilera egingo dute orain. Auzo elkarteek ere begirunez hartu dute Kafe Antzokiaren proposamena. "Euskara eta kulturaren bueltan, irundarrentzako elkargune bizia izan dadin hirierdian irudikatzen dugu", nabarmentzen du Eizagirrek. Baina horretarako Udalaren babesa eta inplikazioa ezinbestekoa izango du proiektuak. Halere, jende asko ados agertu da proiektuarekin. "Topagune horrek ez du espazio fisikorik oraindik, baina badugu batu gaitzakeen proiektua", dio itxaropentsu.

Bestalde, Irungo kaleak kulturaz eta euskaraz blaitzeko helburuarekin urte berrian abiatutako Kulturakada ekimenaren bigarren saioa martxoaren 12an (eguerditan) antolatu dute San Juan plazan. Oraingo honetan, euskara eta literatura ardatz izango du.