Pentsuen garestitzeak eskualdeko baserritarren kezka piztu du

Antxeta Irratia 2022ko mar. 2a, 00:00

Europako pentsuen ekoizpenerako garia eta artoaren %70 inguru Errusiatik eta Ukrainatik ohi dator. Eta egungo egoeraren ondorioz, produktu hauen prezioak azkarki garestitu dira. Irungo Olaberria auzoko Nekazarien Etxeko Alberto Etxebestek azaldu digunez, "azken bizpahiru asteotan %25-30 inguru egin du gora prezioak, eta baserritarrak kezkatuak daude".

Pandemiaren ondorioz beste %40 inguru garestitu izan da abere edo kabalentzako pentsua bi urteotan. "Eskualde honetan behi esnetarako edo haragitarako lau ustiakuntza handi xamar daude, baina baserri txiki asko txekorrak eta ardiak dituztenak ere", dio.

Momentuz, pentsu eskaxiarik ez dago, baina Frantzia eta Espainiako hornitzaile gutxi batzuk ez ezik, gainontzeko Errusia aldetik datorrela aitortzen du. Eta beraz, "iturri hura itxi orduko prezioek gora segituko dute", kexu da Etxebeste. Beraz, baserritarrentzako zailtasunak aurreikusten ditu. Prezioek gora segitzekotan zenbaitzuk haziendak kendu eta txikitu beharko dituztelakoan dago.

Gainera, nekazal sektoreko produktu gehientsuenak garestitzen ari direla nabarmendu du. Pentsua bereziki, baina ongarriak, lurren mugarriak egiteko hesiak, lasto bolak egiteko plastikoak...

 

Erlazionatuak

Pentsuen garestitzeak eskualdeko baserritarren kezka piztu du

Antxeta Irratia 2022 mar 02 Behe Bidasoa