Zaporeak-ek ahanzturaren kontrako elikagai bilketa egingo du asteburuan Lesbosera bidaltzeko

Antxeta Irratia 2022ko mar. 2a, 00:00

Ukrainako gerla aktualitate den egunotan, Zaporeak erakundeak Greziako errefuxiatu akanpalekuetako "egoera kritikoa" ohartarazi du, eta aparteko janari bilketa kanpaina egingo du martxoaren 4an eta 5ean Irun, Hondarribia eta Oreretako Eroski saltokietan. Banatzaile honekin lankidetzan ari dira eta elikagaiak eskainiko ditu ere, Lesbosen oihal-dendetan pilatuta jarraitzen duten milaka pertsona laguntzeko. Erakunde honek erreuxiatu kanpamendu hartan duen sukaldearen proiektua hornitzeko laguntza behar dute, egunero 1.200-1.500 otordu prestatzen baitituzte bolondresek.

Miren Legorburuk azaldu digunez, ezin ahantzi daiteke Europako atakan pandemia hasi baino lehenagotikan bizi duten egoera larria. "Ukrainan orain krisi humanitario larri bat gertatzen ari da, baina guk sortu dugun Europa honetan etengabeko krisi humanitarioak ematen ari dira, eta askotan hedabideek ahantzi egiten dute, baina Lesbosen milaka lagun daude aspaldian", dio Zaporeak-eko bolondresak.

Haien egoera ilegala dela oroitarazten dute. Izan ere, Europak irtenbide bat eman behar die errefuxiatu hauei, baina bitartean ere erakundeek ez dizkiete gutxieneko baldintzak bermatzen. "Lesbosen herrialde askotatik ihes egindako pertsonak daude, Siria gerlatik batez ere, baina beste leku askotatik ere", dio Legorburuk, "gerra guztiak dira ankerrak, baina Ukrainan bezala, atzo Yemen ere bonbardatzen ari ziren", nabarmendu du.

Hala, laguntza eskaini nahi duen orok, Zaporeak-eko bolondresak topatuko ditu ostirala eta larunbata honetan Irungo eta Hondarribiko Eroski supermerkatuetan, elikagaiak biltzen eta egoeraren berri emateko prest.