Egunotan Irungo San Juan plazan kontrasteko irudi esanguratsua ematen ari da. Gizarte osoa Ukrainan bizi duten krisi humanitario latzari begira den bitartean, migranteen egunerokoa are itzalpeagoan pasatzen ari da Irun eta Hendaia artean. Josune Mendigutxia, Harrera Sareko kideak "laguntza behar duten guztientzako laguntza" aldarrikatzen du, baina errealitate batek bestea estaltzeko arriskuaz ohartarazi du.
Izan ere, Irungo Udalak ukrainar errefuxiatuak materiala biltzeko kanpainarekin bat eginik, udaletxeko balkoian 'Gerrarik Ez!' dion ukrainar bandera zintzilik dagoen bitartean, Eusko Jaurlaritzak 150 plaza egokitu ditu Irunen ukrainar errefuxiatuei harrera egiteko. "Baina trantsitoko hiru migrante afrikar kalean utzi ditu gau hontan Gurutze Gorriak jaurlaritzak eskainitako dispositiboan", kexu da Harrera Sareko bolondresa. Udaletxe parean Irun eta Hendaia arteko muga ezin gainditu dabiltzan migranteak Harrera Sareko kaleko bulegoan biltzen jarraitzen dute egunero.
Otsailan beste 576 lagun
Hilabete laburragoa izanagatik ere, otsailan Irungo Harrera Sareak 576 migranteri harrera egin die San Juan plazako kale-bulegoan. Horietatik 82 emakume eta 20 haurrak izan dira. Eta Gurutze Gorriak kudeatzen duen Arretxe Gainako aterpetxetik kanpo utzi dituzte 26 lagun. Besteak beste, Zubia zentroan (5), oihal-dendetan (3), pentsioan (2) edota euren kabuz moldatu behar izan dute kale gorrian lo ez egiteko. Gainera 156 laguni arropa egokia banatu diete eta Gautxorian ari diren bolondresek 373 migrante lagundu dituzte gauetan aterpetxera.
Bertan izan gara gaur.