Jakoba Errekondo: «Landareak gu baino inteligenteagoak dira, ez dute burmuinarik behar urtaroak iragarri eta prestatzeko»

Antxeta Irratia 2022ko ots. 24a, 00:00

Garai batean lurrari askoz ere lotuagoak bizi ginela dio Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista ezagunak. Baina udaberria esnatzen ari den honetan, euskal kulturan atxikitzen ditugun Santa Ageda edota ondoko inauterien usadioekin «lurraren esnatzea» ospatzen dugula berdin, eta betidanik ospatu izan dela nabarmentzen du. Udaberriaren atariari buruz ariko da Hendaian ostegun honetan. Baleak elkarteak hileroko azken ostegunetan antolatzen duen solasaldien karietara, «Lurraren Esnatzea»z mintzatuko baita 18:30etan. Eta ondoren zintzurrak bustitzeko aukera emango dute elkartean.

Zazpi liburu argitalpenen egilea, bizibaratzea.eus webguneko arduraduna, eta 1985az geroztik Euskadi Irratian asteroko kontsultategian zein ‘Landaberri’ saioan ere argitzen ditu landareei buruzko zalantzak. Ez du aurkezpenik behar, baina argi du «landareek diotela lurrari buruz» honek isiltzen duena.

Esan digunez, «landareak gizakiok baino askoz ere inteligenteagoak dira, zerbaitengatik guk milioi bat urteko eboluzioa dugu, eta landareek 350 milioi urte. Ez dute burmuinarik behar urtaroak iragarri eta prestatzeko, ez dute erlojurik behar gauak laburtu eta egunak luzatzen ari direla ohartzeko», dio.