2001ean lehendabiziko berdintasun plana indarrean sartu zenetik asko aldatu da Irun. Eta garapen horren lekuko izan dira 2021era bitartean indarrean izan diren hurrengo hiru planak. Baina Emakundek markatzen dituen irizpideen baitan, Irungo Udaleko Berdintasun arloaren garapena haratago eraman nahi du Berdintasun arloak oraingoan.
Udala herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa den heinean, «benetan eragiteko gaitasun handiena» duen erakundea delakoan dago Miren Etxebeste Berdintasun arloko zinegotzia. Horregatik ere, 2022-2026 asmo handiko proiektua osatu nahi dute. «Denen plana eta ahalik eta osatuena izan dadin, partehartze zabala bultzatuko dugu», iragarri du Etxebestek. Horretarako, Udalak azken bi urteotan egin dituen lau inkesta edo ikerketa-txostenen emaitzak oinarri hartuta gogoetatzeko aukera emango dute ekaina bitartean aurrera eramango den prozesu partehartzailean. Koldo Zabala, Berdintasun arloko teknikariak oroitarazi duenez, Udalak indarkeria matxistaren perzepzioari buruzko inkesta egin berri du 400 emakume irundarren artean, eta besteak beste, diskriminazio anizkoitzari buruzko azterketa ere egina du. Esan duenez, «informazio hori guztia oinarri hartuta, entzuketa eta gogoeta fasea abiatuko da udal teknikarietatik hasi, emakume elkarte eta eragile feministekin jarraitu eta hiriko gainerako eragileekin, eztabaidarako bost espazio eskainiz».
Uda hasierarako sentsibilitate eta proposamen desberdinak bilduko dituen zirriborro bat osatuko dute. Eta udal talde politikoen artean adostu ondotik, udazkenean plana onartu eta indarrean ezartzeaz gain, honen gizarteratze kanpaina egiteko asmoa dute.
Alardearen gaia eztabaidagai
Zentzu honetan, Miren Etxebeste hautetsiak udal talde politiko guztien erantzukizuna eta ardura eskatu du. «Prozesu ireki batean Alardearen gaia ere mahaigainean azalduko da ziurrenik, eta guk hor ez dugu taburik, eta ez ditugu proposamenak planetik kenduko», ohartarazi du «teknikoki egingarriak diren gauzak bilduko ditu planak, politikoki egingarriak ote diren udalbatzak esango du gero». Izan ere, prozesu partehartzailea irekia bada ere, udalgintzan loteslea den gauza bakarra udalbatzak bozkatzen duena dela aitortu du.
Halere, 2026 urtea arte indarrean egongo den berdintasun politiken bideorria den heinean, Irun berdinzaleago bat lortzeko bidean, «berandu baino lehen» eragile sozialek antolatzen dituzten ekimenetan ere, bere islada euki beharko lukeela uste du.